Hurrengo urtean federatuen kategorian sartuko da Iñigo Ibarburu, 13 urteko lasarteoriatar gazte hau. Sei urterekin sartu zen Lasarte-Oria Igeri Elkartean, egun Buruntzaldeko Igeriketa taldea, eta jada 8 urte darama.
Bost urterekin ikastaro bat egin, kirol hau gustukoa zuela ohartu eta aurrera jarraitu zuen. Aurten, Barakaldon ospatutako Euskadiko eskola arteko jokoetan lau domina eskuratu zituen.
Zer moduzko denboraldia izan da 2009-2010a?
Oso gustura aritu naiz aurten, ezin naiz kexatu. Denboraldi polita eta emankorra izan da aurtengoa egia esan.
Zenbat proba edo txapelketetan parte hartu duzu?
Normalean 6 proba izaten dira urtean zehar, ofiziala eta gero beste lau edo bostetan parte hartu dut. Eta orotara 5 domina jaso ditut.
Euskadiko eskola arteko jokoetan 4 domina lortu zenituen, zein probatan?
Bai, orotara lau dominarekin bueltatu nintzen txapelketatik.
Urrezko domina eskuratu nuen taldeka, erreleboen 4 x 100 metro libreko proban. Zilarrezkoa ere eskuratu nuen taldean, 4 x 100 metro estiloan.
Eta brontzezko bi domina lortu nituen ere, baina oraingoan proba indibidualetan, bata 100 metro tximeletan eta bestea 100 metro librean.
Orotara 4 domina izan ziren, bi taldeka eta beste bi domina bakarka.
Oso esperientzia polita izan da.
Probetan parte hartzeko zer nahiago duzu taldeka edo barkaka aritzea?
Nahiago dut bakarka aritzea. Taldeka aritzea askoz zailagoa da.
Izan ere, taldea osatzen dutenen kideen maila gehienetan ez da berdina izaten. Maila baxuago edo altuagoekin tokatzen zaizu, eta horrek taldea ezegonkortu dezake.
Baina maila altuagoekin aritzea ez da hain txarra, ez?
Ez, egia esan horrek dominak eskuratzeko aukerak handitzen ditu. Baina nik nahiago dut bakarkako probetan aritu.
Lasarte-Oriako San Pedro trofeoan ere parte hartu zenuen.
Bai eta domina irabazi ere. Oraingo honetan gainera, urrezko domina lortu nuen.
Zein estilotan aritu zinen?
100 metro tximeletan proban.
Txapelketa edo trofeo hau jokatu baino lehen, entrenatzaileak gustukoen edo gehien gustatzen zaigun estiloa hautatzeko aukera eman digu.
Ni 100 metro tximeleta estiloan da hobekien sentitzen naizen estiloan, eta beraz hori aukeratu nuen.
Momentu hauetan igeriketako zein mailatan lehiatzen zara?
Federatuekin entrenatzen badut ere, oraindik federatu gabekoekin lehiatzen naiz. Baina hurrengo urtean, jada federatua izango naiz, eta maila goren batean arituko naiz. Ilusioz espero dut hurrengo denboraldia
Noiz egiten dituzue entrenamenduak eta nolakoak dira?
Astelehenetik ostiralera, asteazkenetan izan ezik, ordu eta erdi entrenatzen dugu.
Estilo guztiak lantzen ditugu entrenamenduetan, beraz, nahiko osoak dira. Batzuetan ere, entrenatzaileak zein estilotan aritu nahi dugun galdetzen digu.
Hala ere, besteetan, abiadura eta guk “rotaotolo” bezala ezagutzen duguna burutzen ditgu. Eta horiek entrenamendu gogorrak izaten dira.
Eta proba bat datorrenean entrenamenduetan zer egiten duzue?
Proba bat hurbil dugunean normalean estilo hori prestatzen ibiltzen gara.
Estilo horretan lehiatu behar gara, beraz, ondo prestatu beharra dugu.
Aurtengo denboraldia emankorra izan da, baina beste urteetan dominarik lortu al duzu?
Domina bat edo beste lortu dut. Hala ere, esanguratsuena eta burura etortzen zaidana Kutxa saria izango litzateke.
Euskadiko txapelketetan ibili eta irabazi duzu. Espainiar Estatuetakoetan egon zara?
Ez. Hurrengo urtetik aurrera Espainiar estatukoetan parte hartzeko aukera izango dut, federatu bihurtzen naizenean. Hurrengo urtean infantilen bigarren urtean lehiatuko naiz. Aurten beraz, ezinezkoa izan dut hauetan parte hartu. Espero hurrengo urtean hor egon ahal izatea.
Hurrengo denboraldiari noiz emango diozue hasiera?
Irailean hasiko gara Hala ere, nahiz eta denboraldia amaitu den, ez diogu entrenatzeari utzi. Momentuz hor gabiltza.
Oporrak bakarrik abuztuan izango ditugu. Horrela urtean zehar landutako guztia ez galtzeko. Bi hilabetetan ezer egin gabe egonez gero, fisikoki eragina izango luke.
Hurrengo denboraldiari begira zer espero duzu?
Nire ustez denboraldia aurtengoa baina zailagoa izango da. Jada helduagoekin, federatuekin hasiko naiz lehiatzen... Hala ere, orain arte ibili naizen nire adinekoen kontra ere egongo naiz. Nire taldean 97an jaiotakoak sartuko gara.
Igeriketan daramazkidan 8 urteetan gogor aritu naiz, eta hurrengo urtean ere hor egongo naiz.
Gogor entrenatzen saiatuko naiz, aurten bezala denboraldi oparoa eduki nahi dut. Eta hori lortzeko lan egingo dut.