Zorionak! Nola bizi zenuten txapelketa?
Hasieratik finalaurrekoetan etxera joango ginela uste genuen. Baina beno, hasieratik ondo ibili ginen eta amaierarte iritsi ginen, eta amaieran ere gu garaile.
Hamar bikote ginen orotara, bi taldeetan banatuta. Aurreko fasea horretan sailkapena lortu, final-laurdenetan aurrera jarraitu eta konturatu gabe, finalean ginen.
Aurreikuspen guztiak gaindituta, esperantzik al zenuten finalean?
Ez. Aurretik jokatutako partida guztiak irabazi genituen, bat izan ezik, justu finalean gure aurkariak izango zirenen kontra. Gainera, hauek Hernanikoak ziren eta publikoaren babesa zeukaten. Hala ere, guk irabaztea lortu genuen. Izerditan bukatu bagenuen ere, 18-16 irabazi eta garaipena eskuratu genuen.
Nola izan zen garaipena zuena zela konturatu zineten momentua?
Ezin genuen sinetsi. Txapelketako finala ekainaren 19an jokatu genuen, eta oraindik zaila egiten zaigu sinestea.
Hala ere, ondo ikusi genuen gure burua. Partida osoa dugu grabatuta, eta ikusi dugu. Hanka sartzeak sumatu ditugu. Urduritasun gehiago ematen du bideoan ikustea, jokatzen egoteak baino.
Eta nolatan parte hartu zenuten Hernaniko txapelketan?
Gu Lasarte-Oriako Intza kirol elkarteko kirolariak gara. Euskal Pilotako sekzioan ibiltzen gara, eta gure entrenadorea den Pello Sarasolak komentatu zigun txapelketarena.
Hernaniko Pilota txapelketa antolatzen dutenek Intza gonbidatu zuten eta gu ordezkari joan ginen.
Beste herri bateko txapelketan parte hartzeko gonbitea jaso behar duzu. Izan ere, kirol elkarte ezberdinen arteko torneoa baita.
Hernanitarrak garaituak, agian hurrengo urtean gonbidapen gabe geratu zarete...
Ez. Kirol torneo bat da, kiroltasuna nagusi da. Hurrengo urtean seguruenik hor egongo gara.
Beti bikote berdina jokatzen duzue?
Ez beti, baina gehienetan bikoteka jokatzen dira txapelketak. Gainera ez da lehenengo aldia elkarrekin ibiltzen garena.
Entrenatzailea izan zen gure taldea edo bikotea erabaki zuena. Guretzako erabaki ederra da, izan ere txiki-txikitatik elkar ezagutzen dugu. Eta horrek lan talde batean asko laguntzen du, arazorik gabe elkar ulertzeko.
Gainera, bakoitza badugu gure postua (Eneko aurrelaria da eta Jagoba atzelaria.) Potentzia ezberdina dugu. Bat hobeto dabil aurrean eta bestea hobeto atzean. Entrenatzaileak badaki, guk ere bai, eta betidanik jokatu dugu postu horretan. Beraz, ondo doakigu.
Sanpedrotan ere ibili zarete...
Bai. Baina Hernanikoa garrantzitsuagoa zen guretzat.
Herrian gure adinako jende gutxi dagoenez, zuzenean joan ginen finalera, beraz emozio gutxi. Hernanin gehiago borrokatu behar izan genuen.
Hala ere, polita da herrian jokatzea. Herriko jendeak animatzen zaitu, Hernanin publikoak beste taldeak animatzen zituen. Sanpedrotako txapelketa polita izan zen. Gure jaietako torneoa.