Maiatzaren 31tik, Michelin enpresa ondoko pilotalekuan jokatu dira partidak eta azken egun hauetan, final laurdenetako partidak ikustera herritar ugari bildu da bertara.
Zortzi bikote lehian
Hogei bikote ziren Santa Ana Pala txapelketa hasieran eta egun, zortzi besterik ez dira geratzen.
Begiristain anaiak, Iñaki Lizaso eta Joserra Alzibar, Mikel Bardaji eta Xabier Etxezarreta, Bernaitz Odriozola eta Shanti Martin, Xabier Otaegi eta Zigor Iriondo, Ibon Azkonobieta eta Eneko Iradi, Carlos Garcia eta Mikel Arroyo, Imanol Bardaji eta Iñigo Arluziaga dira final erdietarako sailkapeneko lehian egongo diren bikoteak.
Zortzi bikote hauek bi multzotan banatu dituzte eta ligila sisteman, lau partida jokatuko dituzte eta taldeetako bi bikote onenek final erdietako txartela eskuratuko dute.
Final laurdenak
Lehengo astean, jokatu zituzten final laurdenetako partiden gehiengo handia.
Lehengo astelehenean, lehengo multzoko partidak jokatu ziren. Begiristain anaiek 35 eta 26 irabazi zieten Iñaki Lizaso eta Joserra Alzibarri.
Ondoren, Mikel Bardaji eta Xabier Etxezarreta bikotea 35 eta 20 gailendu zen Bernaitz Odriozola eta Shanti Martin bikoteari.
Bigarren multzoaren barruan, asteartean, Xabier Otaegik eta Zigor Iriondok 24 eta 35 galdu zuten Ibon Azkonobieta eta Eneko Iradiren aurka.
Arratsaldeko bigarren partidan, aldiz. Iazko txapeldunek, Imanol Bardaji eta Iñigo Arluziagak 35 eta 30 irabazi zioten Carlos Garcia eta Mikel Arroyo bikoteari.
Asteazkenean, lehenengo multzoan Begiristain anaiek bigarren garaipena eskuratu zuten, Mikel Bardaji eta Xabier Etxezarreta 35 eta 25 garaitu ostean.
Multzo horretako bigarren partida, berriz, oso borrokatua izan zen. Izan ere, Bernaitz Odriozolak eta Shanti Martinek 35 eta 34 irabazi zieten Iñaki Lizaso eta Joserra Alzibarri.
Ostegunean, bigarren multzoan, Imanol Bardaji eta Iñigo Arluziagak ere bigarren garaipena eskuratu zuten. Ibon Azkonobieta eta Eneko Iradi 16 tantotan utzi zituzten.
Bestalde, Carlos Garcia eta Mikel Arroyo bikoteak 35 eta 33 garaitu zituzten Xabier Otaegi eta Zigor Iriondo.
Final laurdenetako azken partidak, gaur eta bihar jokatuko dira eta erabakiorrak izango dira final erdietako bikoteak nortzuk diren jakiteko.
Final erdiak ostegunean
Sailkatuak direnak direla ere, txapelketako final erdiak ostegunean jokatuko dira.
Antolatzaileek jakin arazi dutenez, eguraldi txarra eginez gero, Oriako frontoian jokatuko dituzte final erdietako bi partidak.