“1.600 espediente kolokan gelditu dira”

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 23a

Heldu zerbitzua 2002an sortu zen, Euskal Autonomi Erkidegoko atzerritar etorkinei arreta juridikoa eta soziala emateko helburuarekin. Zortzi urtez lanean egon eta gero, Eusko Jaurlaritzak ixtea erabaki du. Erabaki azkarra eta Gipuzkoan, gutxi gorabehera, 1.600 espediente kolokan utzi dituena. Hemendik aurrera, etorkinen arreta, informazio, aholkua eta laguntza, telefono zenbaki eta helbide elektroniko baten bidez gauzatuko da.

Mikel Mazkiaran lasarteoriatarra Heldu zerbitzuko langile ohia dugu. 2004an hasi zen immigranteen aholkulari gisa proiektu honetan lanean. Inolako abisurik gabe, egunkarietan irakurriaz, Eusko Jaurlaritzak azken 7 urteetan bere lantokia izandakoa ixteko erabakia hartua zuela jakin zuen. Zerbitzu hau ixteko erabili dituzten moduak direla eta, haserre aurkitu dugu.

Noiz eta zergatik eratu zen Heldu?
Heldu zerbitzua Eusko Jaurlaritzaren lehenengo immigrazio planarekin sortu zen 2002an, Biltzen eta Ikuspegirekin batera. Testuinguru horretan, Heldu etorkinei aholkularitza zerbitzua eskaintzeko helburuarekin sortu zen. Adibidez, paperak lortzeko egin beharrekoak bideratzen laguntzeko.
Gizarte zerbitzutik bideratzen zituzten etorkinak Heldura. Eta guk orduan espedientea ireki eta egoeraren jarraipen bat egiten genuen. Etorkinei jarraitu beharreko pausuak azaltzen genizkien.

Hasieratik zaude Heldun?
2002an Heldu programa Bizkaian hasi eta 2003an, Gipuzkoara eta Arabara zabaldu zen. Ni 2004an sartu nintzen.
Bizirik iraun duen 8 urte hauetan, gizarte zerbitzuetatik egin dituzten balorapenetan funtsezkoa eta beharrezko zerbitzua zela ondorioztatzen zen. Etorkinei laguntza eta aholkularitza-lana emateaz gain, gizarte zerbitzuetan lan egiten duten langileentzako ere onuragarria zela aipatzen zen. Atzerritasun legei buruzko argibideei buruz gizarte zerbitzuetako langileek ez baitzekiten ezer ere.

Zenbat espediente erregulatu dira?
Helduren bizitzan, Euskal Autonomia Erkidegoan, gutxi gorabehera, 33.000 espediente izan dira indarrean. Gipuzkoan konkretuki, 8.000 espediente ireki dira.

Eta hauetatik zenbatek lortu dituzte paperak?
Urtero egiten ziren memoriak, baina nik konkretuki ez dakit. Estatistikak egitea zaila zen.
Kontuan hartu behar da etorkin batek paperak lortu ditzakeela, baina berritzerakoan galdu. Eta hori askotan gertatzen da, beraz, gure zerbitzuak bizirik iraun duen denboran zenbat espediente erregulatu diren zehazki esatea, oso zaila da.
Gainera, zerbitzu hau ez da inoiz planteatu horrelako lorpen edo emaitzak lortzeko.

Zein da Heldurekiko etorkinen iritzia?
Oso pozik zeuden. Espediente asko gizarte-errotze egoerarekin lotuta zeuden. Hau da, lan kontratua lortzen duen etorkin batek, hemen hiru urte daramatzala frogatu badezake, nahiz egoera irregularrean izan, paperak lortu ditzake. Espedientea martxan jartzen zen eta aholkularitza zerbitzua martxan jartzen genuen.
Espediente asko geratu dira tramitatze egoeran. Zaila da konkretuki zifra zehatz bat ematea, baina Gipuzkoan gutxi gora behera 1.600 izan direla kalkulatzen dugu. Zerbitzua itxiz, espediente horiek ere itxi dituzte.

Gema Zabaleta, Enplegu eta Gizarte zerbitzuko sailburuak adierazi du zerbitzu hau ez dela desagertuko, izaera aldaketa emango zaiola baizik...
Azalpenak aldatzen joan da. Hasieran, Heldu zerbitzua bertan behera gelditzen zela adierazi zuen; ondoren, ezetz, beste eredu bat jarri behar zutela aipatu zuen. Eta honi jarraiki, telefono zenbaki bat eta helbide elektronikoa aurkeztu dute aholkularitza-lanak egiteko.
Telefono bidez ezin da benetako aholkularitza zerbitzua eskaini. Etorkinek jarraitu behar dituzten tramiteak oso konplexuak dira. Euren jatorrizko herrialdeetatik ekarri behar dituzten paperak begiratu behar dira, beharrezkoak dituzten zigilu guztiak dituzten edo ez konprobatu. Eta hori guztia, telefonoz egitea ezinezkoa da. Eta horrela mila gauzekin.

Beraz, ez daukate orain arte emandako zerbitzuaren eredua jarraitzeko asmorik?
Orain arte eman den zerbitzuaren maila jarraitzeko ez behintzat. Zerbitzu hau martxan jarri zeneko planteamendua, eta orain Eusko Jaurlaritzak duena oso ezberdina dira.
Zabaletaren arabera, zerbitzu publiko batek ezin dio zuzenean etorkinei aholkularitza zerbitzua eskaini. Egun dagoen Eusko Jaurlaritzak ez du hori ikusten. Euren ustez, zerbitzu hori emateko gobernuz kanpoko erakundeak daude.
Lanean egon garen zortzi urte hauetan ikusi dugu, aholkularitza zerbitzu hori Helduk ematen zuela. Oso harreman ona eduki dugu GKE-ekin, eta bakoitzak eskaintzen zuen zerbitzua bestearen osagarri gisa jokatzen zuen.
Gure ustez, Helduk zeuzkan helburuak ez dira beteko ezarri nahi den eredu berri horren bitartez. Orain Biltzen zerbitzuan, hau da, Integraziorako eta kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal zerbitzuan, arlo juridikoa bat jarri nahi dute martxan aholku-lan horiek egiteko.

Atzera bueltarik ez dago?
Erabaki aldetik ez, argi eta garbi utzi dute itxiko dela.

Eta langileek, zein pausu emateko asmoa duzue?
Momentuz idatzi bat atera dugu eta arlo guztietako jendeak sinatu du; abokatuak, sindikatuak, alderdi politikoak, unibertsitateko langileak...

Babes handia lortu duzue...
Alde horretatik oso kontent gaude.
Beste idatzi bat ateratzeko asmoa ere badugu, udaletxeetan aurkezteko, eta eurek orain arte egon den zerbitzu honen funtzionamendua defenda dezaten eskatzeko.
Langileok salaketa bat jartzea ere pentsatu dugu.

Haserre?
Gehienbat formalitateen aldetik. Gauzak ez dira ondo egin. 23 langile gara, eta egunkarien bitartez jakin dugu Heldu ixten zela. Ez dira moduak honelako zerbitzu bat ixteko. Itxiera pentsatua bazeukaten, denbora tarte bat ematerik zeukaten, gauzak behar bezala amaitu eta lotzeko.
Langileen irtenbide profesionalean ere ez dute pentsatu. Konturatu gabe lana edukitzetik, langabezian egotera pasa gara.

Krisiak eragindako erabakia?
Arrazoietariko bat hori dela diote. Baina ez dut uste nagusiena izango denik.

Etorkizunean lan esparru honetan jarraitu nahi duzu?
7 urte izan dira lan honetan, eta azkenean honetan aditu bihurtzen zara.
Arazoarekin bat egiten duzu. Ia ez dakizu beste gauzarik egiten.
Dena den, ni SOS arrazakeriako kidea naiz eta mundu honetan jarraituko dut.