Plataformak kontutan dauka oraindik ere Udalak aho batez onartu zuela 2008an, PPko zinegotzia falta zen Udal Batzar batean, atez ateko sistema probatzeko erabakia.
Gainera, beste eskaera batzuk ere egiten ditu Lasarte-Oria Bizirik-ek atxikimenduak biltzeko orrian. Alde batetik, Zubietan eraiki nahi duten errauste plantaren sei urteko luzapena, hau da, egitasmoa sei urtez gelditzeko proposamena. Eta bestalde, "Zero Zabor" edo "Zero Waste" helburua duten programak (ekoizpen garbia, fabrikatzaileen erantzukizuna, erosketa berdea, kontsumo arduratsua,...) martxan jartzea, herri bakoitzari egokitutako gaikako bilketarako sistemarik onena martxan jartzeko eta materia organikoaren konpostajea bultzatzeko.
Auzo eta guraso elkarteei, merkatariei, ekologistei, sindikatuei, alderdi politikoei eta herriko beste kolektiboei deia luzatu die plataformak "erraustegia saihesteko eta gure hondakinak osasuntsu kudeatzeko" aldarrikapenekin bat egin dezaten. Lasarteoriabizirik@yahoo.es helbide elektronikoaren bidez egin dezakete.
Bestalde, liburuxka bat argitaratu du taldeak interesgarria den informazioarekin. Batetik, duela sei urte Lasarte-Oria Bizirik sortu zenetik, taldeak izan duen bilakaera azaltzen da, hasieratik defendatu dituen iritzi eta egitasmoak laburbiltzen dira eta Udalak herritarren jarrera ezagutzeko egindako azterketaren ondorio nagusiak azpimarratzen dira. Horrela, gai interesgarri ugari jorratu dituzte, erraustegia, herritarren parte hartzea, zaborraren tratamendu ezberdinak, materia organikoaren konposta, gaikako bilketa, 5. edukiontzia, atez ateko bilketa,...
Eraginkorrena
Plataformaren ustez, atez ateko sistema da eraginkorrena eta oso argi dauka: "ohiturak aldatzeko prest dauden herritarren parte hartze arduratsuaren alde" daude eta horrela "zentzugabekeria" iruditzen zaie erraustegia eraikitzea.
Beraz, udalbatzarrak duela bi urte Lasarte-Orian atez ateko sistema abian jartzea erabaki ondoren, eta egindako inkestan herritarrek oro har atez ateko sistemaren aldeko eta errausketaren aurkako iritzia eman ondoren, plataformak ez du ulertzen Jesus Maria Zaballos alkateak eta PSOE alderdiak zergatik aldatu duten iritziz.
Liburuan hau ziurtatzeko azterketaren emaitzak ematen dituzte: Lasarte-Orian ehuneko 51 atez ateko bilketaren alde da, ehuneko 24 aurka, ehuneko 60k bultzatuko luke eta ehuneko ia 90 egokituko lirateke. Aldiz ehuneko 80 erraustegiaren aurka, ehuneko 48 sistema bezala errausketa erabiltzearen aurka, eta soilik ehunetik 5 erraustegia Zubietan kokatzearen alde.
Lasarte-Oria Bizirik taldeko kideak apirilaren 27an bildu ziren Zaballos alkatearekin zaborren kudeaketari buruz hitz egiteko eta bertan atez ateko bilketaren eta 5. edukiontziaren sistemekin lortutako emaitzen berri eman zioten alkateari.
Berriro bilduko zirela adostu bazuten ere, plataformak ez dio alkateari interesik ikusten. Txintxarrin karta bat ere idatzi zuten baina alkateak ez dio ez plataformari ez iritzi publikoari bere jarrera aldaketaren arrazoirik eman. Bitartean, PSOE eta EBk Udalean zuten akordio hautsi egin da eta Gobernu taldeak, Ricardo Ortega EBko zinegotziak zituen kargu eta ardura guztietatik kendu dute. Martin Moreno izango da Ricardo Ortegaren ordez San Markos mankomunitatean. Hain juxtu Ricardo Ortega zen atez ateko bilketa sistema bultzatzen ari den mankomunitateko lehendakaria.
Aldaketak San Markosen
Aurreko astean argitaratu zenez azken finean Ricardo Ortega Mankomunitateko ordezkaritzatik kentzearen helburua, PSOE, EAJ eta H1ek elkarrekin, berriro Mankomunitatearen gehiengoa berreskuratzea izan da.
Urnietan ere EAJ eta PSOEk bat egin dute, ANVko Iñaki Mendizabal Mankomunitatetik kentzeko. Ortega eta Mendizabal-en ordez, PSOE eta EAJko bi ordezkari jarrita, Mankomunitatearen kontrola berreskuratuko dute hondakinen atez ateko bilketa moteldu eta erraustegiaren proiektua bultzatuz. Dena den, bilketaren eskumena udalena da.
Atzeraka
Lasarte-Oria Bizirik taldekoen iritziz,“atzeraka goaz. San Markos Mankomunitatean hondakinen inguruan lortu den guztia, eta asko izan da, desegin nahi dute. Hartu duten bidearekin, uste dugu erraustegia bultzatu nahi dutela. Ana Urchueguiak Zubietan erraustegirik egin ez dadin ahal zuen guztia egingo zuela esaten zuen. Gezurra zen. Zer egiten du oraingo alkateak erraustegiaren aurka? Berez bere helburua hori da, herri ondoan erraustegirik ez jartzea. Euren egoitzan pankarta jarrita dute, "No a la incineradora en Zubieta".”
Lasarte Oria Bizirik-ek emandako informazioaren arabera, 1998tik bada estatuko lege bat 5.000 biztanletik gorako herrietan hondakin organikoak bereizita jasotzera derrigortzen duena. “Gero, bilketa sistema bat edo bestea izan daiteke, gure ustez eta datuek hori frogatzen dute atez atekoa hobea da, baina 5. edukiontzia ere erabili daiteke. Beraz, hiri gehienak bezala Lasarte-Oriak ere ez du legea betetzen. Eta azken plenoan alkateak esan omen zuen ez duela horretan pentsatu". Horregatik galdetzen dute plataformakoek zein asmo daukaten eta erabakia hartzeko arrazoiak zeintzuk diren.
Dena den, plataformak uste duenez, alkateak eta bere taldeak gai honi buruzko iritzirik ez dute ematen, batak edo besteak herritarrengan, hautesleengan alegia, izango duen iritzi, eragin eta erantzuna aztertzen ari direlako.
Hau da, “ez dute sistema baten edo bestearen eraginkortasuna neurtzen, pausu bat edo bestea emanda boto gehiago lortuko dituzten ala ez, baizik. Honek erakusten du zer sentsibilitate daukaten”