Musika eta umorea urteko gai garrantzitsuenak errepasatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2010ko uzt. 23a, 02:00

Lasarte-Orian, urtean zehar gertatu diren gauzak modu umoretsuan errepasatzeko Santa Ana eguneko Parodia dugu. Astelehenean izango da hori, Santa Ana eguna, eta aurten berrikuntza handi batekin, musikala izango da.

Iritsi da Santa Ana eguna. Astelehenean ospatuko da eta urtero bezala, Ttakun Kultur Elkarteak egun horretarako ekintzak prestatu ditu.
Ohitura denez, Santa Ana eguneko ospakizunak, 11:00etan, Brigitarren Komentuan egiten den mezarekin hasiko dira.
Ondoren, mezetara joan direnek eta Brigitarren plazara hurbiltzen direnek Ttakunek antolatutako luncha dastatu ahalko dute.
Eguerdian, berriz, ikurrina jarriko da Udaletxe ondoko Santa Ana Karkaban. Jarraian, agurra dantzatuko dute Erketz Euskal Dantza Taldeko dantzariek.

Parodia Isla plazan

Gau aldera arte itxaron beharko dute lasarteoriatarrek egun honetako ekitaldi garrantzitsuena ikusteko.
Aurten gainera, guk ezagutzen dugun Parodiaren 60. urteurrena ospatuko da, eta horregatik aldaketatxo bat izango du, musikala izango da.
Gaueko 22:30ean Isla plazan egingo den Parodiak musika izango du protagonista. Baina azken urtean herrian gertatutako kontu garrantzitsuenak ere errepasatuko ditu, hala nola, TDTa, Alkate aldaketa, herriko jaiak... baina antolatzaileek ez dituzte datu gehiegi zehaztu nahi, sorpresak ez zapuzteko.
Aurten gidoigintza lanetan Pablo Barrio, Idoia Garzes, Jokin Ayerregaray eta Martin Anso aritu dira.
Parodian parte hartuko duten guztiek (berrogei aktore inguru, dantzariak, musikoak,...), laurogei lagun inguruk, afari ederraz gozatuko dute Saustatxo elkartean.
Bapo afaldu ondoren, 21:30ean Andatza plazatik irten eta, Parodia iragarriz, desfilea egingo dute guztiek herriko erdiguneko kaleetan zehar Isla plazaraino, Okendon oraindik lanek jarraitzen baitute.

Omenaldia

Baina antzerkia egin baino lehen, omenaldia egiten da urtero. Aurten Exiquio Perez izango da omendua.
Exikiok hainbat eta hainbat urtetan herrian antolatutako ekitaldi eta festak grabatzen jardun baita.
Omenaldiaren ostean, antzerkia eta musika izango dira nagusi Isla plazako oholtzan.
Hamaika pertsonaia ikusiko dituzte lasarteoriatarrek oholtza gainean akusatuen aurkako edo aldeko iritzia ematen.
Santa Ana, San Joakin eta Basajaun ere bertan egongo dira guztia entzun eta epaia emateko. Ea akusatuak erretzen dituzten!