Sukaldari nagusi Joxan Lasa, izan da urtero bezala, bera arduratu da hamaiketako, bazkari eta afarietaz: paella mariskoarekin, bildotsa burruntzian, okela egosia, bakailaoa pil-pilean, saiheskia, menestra... denetarik dastatu dute lasarteoriatarren kanpamenduan. Gau batean queimada goxoa ere hartu zuten.
Igandetik ostegunera
Uztailaren 18an, igandean, abiatu ziren Lasarte-Oriatik eguerdian, bidean zerbait jan eta arratsaldean muntatu zituzten bi karpak eta lo egiteko dendak La Mongien. Garaiz joaten dira lekua hartzeko. 2004tik tourra ikustera urtero joan den Jesus Castrok kontatu zigunez ez dira batetik bestera etapa ezberdinak ikusten ibiltzen "muntaia handia eramaten dugu, eta muntaketa-desmuntatzea azken finean konplikatua da".
Hirugarren aldiz jarraian joan dira La Mongiera eta aurreko urtetatik aukeratuta daukaten tokian jarri dira: "Gustuko lekua dugu, errekatxo baten ondoan. Horrela ez daukagu hozkailuaren beharrik". Horregatik joan ziren igandean, astelehenenean jende gehiago ibiliko zela jakinik, lekua hartzeko.
Asteartean pasatzen zen tourra La Mongie-tik eta astelehenean bakoitzak bere gustukoa egiteko baliatu zuten. Taldeko batzuek ordu batzuk pasa zituzten bizikleta gainean. Tourmalet, Hourquette de Ancizan eta Aspin, Pirinioetako hiru mendate igo zituzten.
Iban Maioz-en erorketa
Astelehenean, La Mongietik 70 kilometrotara amaitu zen Tourreko etapa, Bagneres de Luchon-en. Hain juxtu Iban Maioz lasarteoriatarrarentzat zoritxarrekoa suertatu zen etapa hori. Erori egin zen Ares-eko mendatea jaisten, helmugatik 40 kilometrotara eta helmugara iritsi bazen ere, hiru saihets zituen hautsita eta hurrengo egunean ez zen atera. Beraz, lasarteoriatarrek ez zuten La Mongie eta Tourmaleten herritarra animatzerik izan, juxtu bezperan erori egin zelako.
Urtero bezala, tourra pasatzen den egunean arkumea burruntzian jarri zuten. “Hori tradizio da jada, Hori jada tradizio bihurtu da, burruntzia lasterketa pasatzen den egunean egiten dugu” kontatu digu Jesus Castrok.
Joxan Lasa sukaldaria bakarrik geratu zen prestatzen, taldeko beste lagun guztiak tropelaren aurretik pasatzen den karabana eta txirrindulariak ikustera joan ziren eta. Telebistatik ere ez zuen ikusterik izan Lasak, juxtu pasatzen ari zirela iragarkiak tokatu zirelako. Arratsaldeko 14:00ak inguruan pasa ziren txirrindulariak La Mongietik eta ondoren, bazkaldu eta festa egin zuten lasarte-oriatarrek.
Jesus Castrok aitortu zigun Frantziako Tourra pasatzen dela eta, bertan dagoen giroa dela erakargarriena. "Txirrindularitza eta zaletasuna aitzakia dira hemen gustura egoteko. Giro oso polita egoten da eta gau batzuetan izaten da parranda eta festa ere. Gero norbera jaikitzen da ahal duen moduan".
Mendiz inguratuta izanik, batzuk irteeraren bat egiteko aprobetxatzen dute. "Bai, batzuek bizikleta ekartzen dute, beste batzuk ibiltzera joaten dira eta beste batzuk ez dira karpatik mugitzen. Musean egiten dugu, edo bestela hantxe egoten gara kontu kontari, umore onean. Txorakeriak esan eta parra egin. Eta La Mongieko tabernatara ere joaten gara tarteka zerbait hartzera" aitortu zigun Castrok.
Jende asko joaten zaie karpara, hainbat tokitakoak: “Bai, frantses, belgikar,... denetarik pasatzen da. La Mongieko gaztetxea dirudi askotan" dio Castrok.
Errekatxora ez ziren soilik sagardo eta zerbeza botilaren bila joan, batzuek, barruak bero, bainatu ere egin ziren errekako ur hotzetan. Terapiak ere egin dituzte batzuek, bainuetxeetan bezala, ur hotza eta sukaldean berotutakoa erabiliz, batez ere kirola egin eta gero.
Astelehenean bezala, astearte eta asteazkenean ere Tourmaletean izan ziren bizikleta zaleak. Ostegunean bukatzen zen etapa gainean, baina egun horretan ez ziren igo eguraldi txarrarengatik eta telebistaz ikusi zuten etapa. Asteartean, Saint Marie de Campanetik igo zuten Tourmalet-a eta asteazkenean Luz-etik. Beraz sasoian daudela erakutsi dute. Besteak La Mongie inguruan bueltaren bat eman, futbolean, partxisean edo musean aritu, Castrok kontatu digunez denetarik egiten dute.
Zarauz trikitilari eta txirrinduzaleak urten ez du joaterik izan eta ez dute aurreko urteetan bezala trikiti doinurik izan.
Etapa telebistatik
Ostegunean Tourmaleteko gailurrean bukatzen zen etapa baina asteazkenenetik lainoa, ekaitza eta euri zaparradak izan ziren La Mongien. Horregatik ez ziren igo Tourmaletera etapa ikustera, eta lasai lasai telebistaz ikusi zuten. Gero arratsaldean desmuntatu eta behin La Mongie inguruko auto ilarak desagertzen hasi zirenean gaueko 10ak inguruan abiatu eta goizaldeko 2etan iritsi ziren Lasarte-Oriara.
Jesus Castro herritarra urtero joaten da Tourrera hiruzpalau egun eta berak kontatu digu nola ibiltzen diren. "lau bat egun joaten gara, beti Pirinioetara. Lan kontuengatik noski. Ez da beti erraza izaten jai hartzea. Aste erdian tokatzen da eta aurten 2004an joaten hasi ginenetatik sei egon gara. Baina berriak ere animatu dira. Urtero joaten da lagun berriren bat. Baten edo bestearen ezagunen bat. Ondo horrela jende berria ezagutzen dugu”.
Prestaketa
Aurretik hasten dira irteera prestatzen. "Aurten sarriago elkartu gara. Pare bat afari egin ditugu hitz egiteko. Beste urte batzuetan ez da hainbeste izan. Gehiena lotuta daukagu. Lehenengo aldiz joan ginenean karpa zuriak erosi genituen, Joxan Lasak sukaldea, paella-ontzia eta behar dituen gauza guztiak eramaten ditu, eta gutxi gorabehera ez dugu besterik behar, egun batean elkartu, menuak erabaki, bakoitzak zerbait erosi eta kitto".
Aurten ere ez du euskal txirrindulari batek etaparik irabazi. Castroren ustez “oso zaila da tourrean etapa bat irabaztea. Aurten Samuel hor ibili da, baina esperientzia falta izan zaio".