Bardaji-Arluziaga bikotea Santa Anako irabazle berriro ere

Txintxarri Aldizkaria 2010eko uztailaren 28a

Aurten ere, Iñigo Arluziaga eta Imanol Bardaji ditugu Santa Ana pala txapelketako irabazleak.
Bigarren urtea da bikote honek txapela jazten duena, baina aurten lan egin behar izan dute garaipena lortzeko.
Bernaitz Odriozola eta Shanti Martinen aurka jokatu zuten finala. Partida berdindua izan zen eta tanto luzeak ikusi ziren.
Odriozola eta Shantik aurre hartu zuten behin baino gehiagotan, baina bikote irabazleak berdintzea lortzen zuen.
Partidako azkeneko zatian ordea, Odriozola eta Martin 21-22 aurretik zihoazela, Arluziagak bikotearen pisua hartu eta buelta eman zion partidari hamar bat puntuko errenta lortuaz. Azkenean, 35-25 izan zen fineko markagailua.

Anaien arteko lehia

Hirugarren postuko partidan, Begiristain anaien eta Azkonobieta anaien arteko lehia ikusi zen. Izan ere, Eneko Iradik Ibon Azkonobietaren bikoteak ezin izan zuen parte hartu eta Aitor Azkonobieta aritu zen bere lekuan.
Begiristain anaiek erraz hartu zuten aurre markagailuan eta errenta mantendu zuten partida amaieraraino. Azken emaitza 35 eta 20 izan zen.

Zozketa

Finala amaitzean, Santa Anako pala txapelketako zozketa egin zen. Zenbaki sarituak honako hauek dira: 1go saria, 218 zenbakia; bigarrena, 56zb. eta hirugarrena 478 zb.
Hamabost egun dauzkate zenbakien jabeek Etxezarreta harategira hurbildu eta saria eskuratzeko.