Buruntzaldeko Industrialdeko lanak aurrera doaz Michelingo eremuan

Txintxarri Aldizkaria 2010ko ira. 4a, 02:00

Lasarte-Orian Buruntzaldeko Industrialdeako guneetako bat eraikitzeko lehenengo pausuak ematen ari dira Michelin enpresak ibai ondoan duen eremuan.
Buruntzaldeko Industrialdeko proiektu nagusietako bat da hau, Hernaniko gunearekin batera, gure eremuan industria sustatu eta lanpostuak sortzeko.
Helburu horri jarraikiz, Michelin fundazioak eta Lasarte-Oriako eta Usurbilgo Udalen arteko hitzarmenaren bitartez, enpresa frantziarrak Oria ibaiaren ondoko eremua eskaini du industria gune berria bertan kokatzeko.
Era honetara, Buruntzaldeko Industrialdearen eta Michelin fundazioaren arteko elkarlana egongo da bertan.

Egokitze lanak

Abuztu hasieran hasi zituen Michelin enpresak eremuko egokitze lan desberdinak .
Lehenik, abuztuaren 8an, Michelin enpresako langileek Goitu, Alonso y LKS enpresakoekin batera, Geltoki Kalea gainetik zeharkatzen zuten pasabidea eta ur hodiak kendu zituzten.
1967. urtean eraikitako pasabideak ekoizpen eremua eta biltokia batzen zituen. Bertatik milaka pneumatiko igaro dira biltokirako bidean.
Bestetik, ibai ondoko ur depositoa eta hainbat biltoki erautsi ditu enpresak egun hauetan.