Intzako pilotariak lanean

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 5a

Irailaren 1ean, Intza K.E.ko jubenil eta senior mailako pilota entrenamenduak hasi ziren, hilaren 19an txapelketa probintzialari hasiera emango baitiote.
Infantil eta kadeteak hilaren 2an hasi ziren eta irailaren 16an, ostegunean, alebin eta benjaminen txanda izango da Villa Mirentxun.

Entrenamendu egunak

Intzako arduradunek azaldu digutenez, mailaren arabera, entrenamendua ordutegi eta leku desberdinetan egingo da.
Honela, jubenil eta senior mailako pilotariek asteazkenero izango dute entrenamendua, Michelingo frontoian 20:00etatik 22:00etan. Infantil eta kadeteek, berriz, astearte eta ostegunetan, Michelingo frontoian 18:30etik 20:30era.

Pilota eskola

Pilota eskolari dagokionez, hau da, alebin eta benjamin mailako haurrek astearte eta ostegunetan 18:30etik 20:30era izango dute entrenamendua Villa Mirentxun.
Hala ere, arduradunek jakitera eman dutenez, Loidi-Barreneko lanak amaitzean, entrenamenduak frontoi berrian izan daitezen saiatuko dira.
Intza K.E.ko arduradunek Lasarte-Oriako haur, gazte edo hauen gurasoak Michelingo frontoira hurbildu daitezen animatzen dituzte, hilaren 16tik aurrera, izena eman, edozein galdera egin, entrenatzaileak ezagutu edo ikasturtean zehar egingo diren ekintzen berri izateko.