Udaran monotoniarentzat txertoa; Txokoak eta kanpaldiak

itxaso-moreno 2010eko irailaren 6a

Aspertzeko astirik gabe, horrela ibili dira herriko gaztetxoak aurtengo udan. Jolasak, irteerak... denetarik ikasteko eta ondo pasatzeko helburuarekin. Dibertsioa ez da falta izan aurtengo txoko eta kanpaldietan parte hartu dutenentzat.

Euskara sustatzea dute helburu nagusia kanpaldi eta txokoek, baina funtzio hezitzaile honetan dibertsioa da nagusi, “hezi egin behar dira haurrak, baina modu erakargarri batean baldin bada hobe.” Banakoen arteko elkar ekintzek daukate garrantzia hizkuntza baten erabileran eta hori da Ttakun kultur elkarteak sustatzen duen aisialdirako ekintzetan nagusi.

Urtean zehar izaten den monotoniaren kontrako txertoa bilakatu dira Txokoak eta Kanpaldiak, mila abentura eta istorio bizi baitituzte haur eta gazteek. Ekintza hauen inguruan, gainera, herri mailan mugimendua sortzen da. Haurrak, begiraleak, gurasoak, herriko dendak eta herritarren inplikazioa handia da, baita beste udalena ere.
Udaleku irekiak
Antolatzaileek azaldu digutenez, parte hartutako umeen kopurua igo egin da Udako txokoetan, “guztira 477 ume ibili dira, 411 uztailean eta 66 abuztuan.”
Hiru programazio ezberdin egon dira. Txikiek Pritt Sorginaren eskutik istorio eta jai ezberdinak ezagutu zituzten, baita tailerretan eta jolasetan primera igaro ere.
Ertainen kasuan, kulturartekotasuna izan da gaia. 6 kultura desberdin ezagutu dituzte eta 30 egunetan munduari bira eman diote. Honetaz gain, kirola eta irteerak egiteko astia ere izan dute.
Zaharrenen kasuan, Euskal Herrian, Euskal Kulturan eta koadrilan oinarritu dira.
Hego Euskal Herriko hainbat txoko bisitatu dituzte, Bizkaia aldean gaua igaro zuten, esate baterako. Eta, gainera, Zubieta eta Urnietako lagunak egiteko aukera izan dute irteera hauetan.

Udaleku itxiak

Uztailaren lehenengo hamabostaldian, Mendigorrian egon da LH3 eta LH6 bitarteko gaztetxo talde bat eta asko gozatu zuten bertako programazioekin.
LH3 eta LH4 mailakoek Gou zientzialariak eta bere denbora makinak proposatutako programa jarraitu dute. Hauei esker, garai eta aro ezberdinak jolas eta ekintzen bitartez ezagutzeko aukera izan dute.
Erronka Estreme programarekin gozatu dute udalekuetan, LH5 eta LH6koek.
Egunero erronka bat zuten gainditzeko, lau egunetako irteera barne. Eta amaieran, beharreko giltzak lortuz gero, saria zuten.

Kanpaldiak

Harremanak sendotzeko aukera paregabea benetan kanpaldiak izan dira.
DBH1 eta DBH2ko 33 gazteekin Lasarte-Oriatik Bermeora egin dute kanpaldi ibiltaria.
Aurreko urtean Bermeo-Castro egin zutenez, aurtengo kanpaldiarekin bai Gipuzkoa bai Bizkaia ezagutu dutela esan daiteke. Durangoko Berbaro elkarteko gaztetxoekin elkar banatu dute esperientzia aurten eta besteak beste, surfean aritzeko aukera izan zuten.
Aurten, DBH-3 eta DBH-4 mailakoek kanpaldia euren gustuen arabera antolatu eta Iparraldea ezagutu dute.
20 gaztetxok Euskal Herria Zuzenean festibaleko zuzenezko kontzertuez gain, lana ere egin behar izan zuten gaztetxoak; adibidez barran edo garbiketan.
Honetaz gain, eta kanpaldi formatua mantentzeko, 3-4 etapa prestatu zituzten antolatzaileak, kanpinetan ostatu hartu eta Elizondon amaitu.

Euskaraz hezi, euskaraz bizi

Artengo balorazioa, beraz, positibotzat jo dute antolakuntzatik, “haur eta gazteen artean sortzen den harreman sarea euskaraz da, eta hori da herrian bultzatu nahi dena.”

Begiraleak

Azpimarratzekoa da herriko gaztetxoenen aisialdia landu eta prestatzen dutenak herriko gazteak direla, ”orotara 64 begirale izan dira, 604 gaztetxorentzat.”
Antolakuntzak bai txoko, baita kanpaldietan ere begiraleek izan duten inplikazioa nabarmendu dute, “euren denbora aisiari eskaintzen diote eta gogo handiz egiten dute gainera.”

Segurako aterpetxea

Honetaz gain, aurten Aldundiak kudeatzen duen Segurako Aterpetxearen arduraduna izan dugu Ttakuneko Aisialdiko Saila. Uztailaren 1etik abuztuaren 14a arte, 7 eguneko 6 txanda antolatu dira eta txanda bakoitzean 5 begirale egon dira.
Honela, antolatzaileek Ttakunek eta Udalak antolatutako udaleku itxi, ireki eta kanpaldietan egoteaz aparte, beste aukera bat eskaintzen diete begiraleei.

Ludoteka

Ikasturtea hastear dagoela ekintza ugari prestatzen ari dira Ludotekarako. Horren guztiaren berri beti bezala ikastoletan eta Txintxarrin jasoko duzue.