Guadalupeko Amaren eguneko ospakizunak

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 6a

Asteazkenean, irailaren 8an, Guadalupeko Amaren eguna da. Eta Hondarribin jaiak izateaz gain, Extremadurako Autonomi Erkidegoko zaindariren eguna ere ospatzen da. Ugari dira jaioterritik urrun bizi diren extremadurarrak eta gure herrian egun handi hori ospatzeko lekua izango dute, asteburuan, Uzturre plazan dagoen Extremadurako etxeari esker.

Ikurrinaren igoera

Ostiralean, irailaren 10ean gaueko 21:00etan, Guadalupeko egunaren ospakizunei hasiera emateko Ikurrinaren igoera egingo da Extremadurako Autonomi Erkidegoko gorazarreaz lagundurik.
Ordu erdi beranduago, herri afaria egongo da elkartean. Hurbiltzen direnek Extremadurako kaldereta izango dute afari.

Ekitaldi ugari larunbatean

Larunbata goizean, haurrek marrazki lehiaketa eta haur jolasak izango dituzte.
Bazkalostean, 15:30ean, mus zaleentzako parada paregabea. 18 urte gorakoek soilik izango dute mus txapelketan parte hartzeko aukera.
Flor de Tomillo Ermuko Extremadurako Kultur Taldearen dantza eta koruak entzuteko aukera egongo da, 18:00etatik aurrera.
Afal orduan, 21:30ean, herri agintariekin batera, afari gozo batez gozatuko dute bazkide eta lagunek.
Eta jandako guztia jaisteko Ibai Berriak taldearekin dantzaldia egongo da jarraian. Gogoratu parte hartzen duzuenok ohiko dantza lehiaketako partaide bihurtuko zarela.

Ospakizunak borobiltzen

Igandean, goizeko 11:30ean, Zumaburuko Arantzazuko Ama Birjinaren elizan, Guadalupeko Amaren omenezko meza ospatuko da. Errenteriako Ecos de Etxemadura Monfragüe Extremadurako Etxeko taldearen koruak lagundurik.
Eguerdi aldera, Semblante Andaluz etxeko Zambra talde flamenkoak emanaldia eskainiko du Uzturre plazan.
Arratsaldean, 16:30ean, 18 urteko gorakoentzat, tute txapelketa irekia egongo da elkartean.
Ostean, 18:00etan, emakumeek boloetan eta gizonezkoak toka txapelketan lehiatzeko aukera izango dute.
Eta, urtero legez, lehiaketetako sari banaketa eta ikurrinaren jaitsierarekin emango zaie amaiera ospakizunei.

Animatu eta gozatu

Extremadurar guztiei bereziki, eta oro har, Lasarte-Oriako biztanleriari ospakizun guzti hauetan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi die Extremadura Etxeko lehendakaria den Fortunato Muñoz Cibrianek.