Herriko Areto-Futboleko txapelketan berrikuntzak

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 10a

Ostadar K.F.ek antolatzen duen Herriko XXVIII. Areto-Futbol txapelketa urriaren lehengo asteburuan hasiko da eta aldaketak izango ditu antolakuntzan eta araudian.
“Lehen taldeek sareak eta materiala eraman behar zituzten Garaikoetxeara. Orain, serioago egiten saiatu gara eta horrek guretzat lan gehiago suposatzen du,” adierazi digute.
Horregatik, aurten antolatzaileen artean lana banatuko dute, epaileen laguntzarako pertsona bat egongo da, araudiko kezka eta kexentzat beste bat...
Antolakuntza aldetik beste aldaketa bat dagoela ere jakin arazi dute, orain arte, astelehenetan egiten zen ordutegien zozketa desagertuko da.
“Kiroldegiak abendura arteko orduak eman dizkigu eta horrek denboraldi hasieran hiru hilabete hauetako zozketak egitea ahalbideratzen du” aipatu dute, “era honetara, guztiek jakingo dute noiz eta zein ordutan duten partida.”

Epaileak eta mahaia

“Gauzak ongi egin nahi izan ditugu, taldeei erraztasunak eman eta orain jokalariek gehiago exijitzen dute,” aipatu digute.
Azaldu digutenez, epaileak jarri ziren partidetan kontrol gehiago egoteko eta taldeek epaile lanik ez egiteko. “Lauzpabost dira epaile lanak egiten. Borondate onez egiten dute eta ordaintzen zaie, baina asko exijitzen diete taldeek,” aitortu dute.
Orain beste asmo bat dute, taldeek mahai lana ez egitea. “Baina asmoa aurrera eramateko pertsonak lortu behar ditugu. Taldeei gure asmoa jakin araziko diegu lehenengo bileran eta norbait animatzen bada, horren arabera egingo dugu lan,” azaldu dute. “Lan hau ere ordainduko da, noski. Horregatik garestitu da aurten izena ematea,” atxiki dute.
“Ez dela inor animatzen, ba orain arte bezala jarraituko dugu, taldeek mahai lana egiten eta lan hori ez egiteak, dakiten bezala falta larria dakar,” aipatu dute.

Araudi aldaketak

Baina antolakuntzaz gain, aurtengo araudian ere aldaketa batzuk sumatuko dituzte jokalariek.
Batez ere, isunen atala aldatu dela azaldu digute, “txartel urdina desagertuko da eta gorria izango da; kiroltasunik gabeko ekintzaren bat egiten denean euro batzuetako isuna jarriko da, etab.”
Bestalde, talde bat partidara ez agertzeak 30 euroko isuna zuen eta antolakuntzarentzat zen. “Orain diru hori antolakuntza, mahaia eta beste taldearen artean banatuko da, guztiak kaltetuak baitira,” azaldu dute.
Era berean, ikusleen eta jarraitzaileen ekintzei buruzko atala ere gehitu dute. “Esate baterako, norbait zelaira sartzen bada, epaileek zer egin behar duten jakiteko. Honetaz gain, taldeek jarraitzaile sutsuen ekintzen erantzule direla jakinarazteko ere balioko du,” onartu dute.
Isunez gain, txapelketa sistemari buruz jendeak ahoz aho zekiena, argi eta garbi utzi dutela aipatu dute, “gero arazorik egon ez dadin.”

Talde kopurua

Araudi aldaketa eta berrikuntza hauek guztiak, arestian aipatu bezala, taldeekin egingo den lehenengo bileran azalduko dituzte.
Baina lehenik taldeek inskripzioa egin behar dute. Irailaren 17an bukatzen da izena ematea eta “ez dugu uste iazko talde kopurua berdinduko dugunik. Aurten hogei talde lortzen baditugu, pozik egongo gara,” onartu dute.
Eta “talde kopurua bikoitia ez bada, agian epez kanpoko talderen bat hartuko dugu. Baina ezin da ezer zehaztu hurrengo ostiralera arte taldeek izena emateko aukera baitute,” azaldu dute antolatzaileek.