Amaitu dira udako oporrak

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 10a

Asteazkenean, goizeko 09:00etan bai Landaberri-Garaikoetxea eta bai Sasoeta-Zumaburuko ikastetxeetako gelak haur eta gazteen ahotsez eta garrasiez bete ziren berriro ere. Aurten, 2010-2011 ikasturteari hasiera emateko prest baina era berean urduri aurkitu genituen haurrak.

Bi hilabetez lagunak ikusi gabe egon eta gero, gauza asko dituzte elkar trukatzeko. Udan bizitakoak batak besteei kontatzeko. Eta arropa, motxila, liburu edo koaderno berriak estreinatzeko parada ere bai.

Egokitze hilabetea

Askorentzat lehenengo klase eguna izan zen asteazkenekoa. Berrikuntza ugari, eta lehendabiziko aldiz gurasoen babesetik aldentzen hasteko eguna. Urtero bezala, txiki hauen artean negarrak entzun genituen, hala ere, ez ziren asko izan.
Bi urteko haurrek gurasoen eskutik gelara sartu, irakasle berria ezagutu, guztia gainbegiratu eta lagun berriekin jolasten hasi ziren, baina gurasoak hor ondoan zituztela ahaztu gabe. Lehenengo astean ordu beteko saioak izango dituzte eta gurasoak haiekin egongo dira. Pixkanaka ordutegia luzatu eta guraso gabe egotera ohitu beharko dira. Bitartean gurasoak ikastolara joan beharko dira.

Matrikulazioak gora

Orotara 871 ikasle ari dira Garaikoetxea Landaberri ikastolan. D ereduan 701 matrikulatu eta B ereduan 170. Kurtsoka matrikulatuak daudenak, ondorengoak: HH2 66, HH3 92, HH4 88, HH5 110, LH1 88, LH2 94, LH3 99, LH4, 80, LH5 77, LH6 77.
Sasoeta-Zumaburun orotara 367 ikasle matrikulatu dira 2010-2011 ikasturterako. Matrikulatu diren haurren kopuruak kurtsoka: HH2 54, HH3 65, HH4 63, HH5 38, LH1 26, LH2 20, LH3 34, LH4 21, LH5 25, LH6 21.
Ikasturtea ondo hasi!