PSOE eta PP alderdiek bat egin zuten, Goiegi-Gora eremuan 6.500 metro karratu izango dituen lau izarretako hotela eraikitzeko proiektua ahalbideratzeko. Horri esker, 40 lanpostu sortuko direla nabarmendu zuten.
Ezker abertzaleko zinegotziak aurkako jarrera adierazi zuten: “Teresategi eremuan egingo den proiektu osoaren aurka gaude. Lanpostuak sortu behar dira, baina beste bide batetik ere sortu daitezke”.
Ezker Batuako Rikardo Ortega abstenitu egin zen: “Arazo ugari sortuko dira eremuan, trafikoa, etab. Gainera, kokalekuari dagokionez, proposamen bakarra egin da eta ez da beste lekurik begiratu”.
EAJ-k ere aurka bozkatu zuen. “Gu proiektuaren prozeduraren aurka gaude. Ez zen lehiaketarik egin eta hitzarmen bitartez adostu zen guztia” azaldu zuen Estitxu Alkortak.
PSOEko Iñaki Mugica bozeramailea pozik agertu zen “proiektua garrantzitsua delako herriarentzat. 40 lanpostu sortuko dira hasieran baina etorkizunean gehiago izan daitezke eta langileak herritarrak izango dira”.
“Udaleko Gobernuak ez du nahi Lasarte-Oria lo herri bihurtu dadin, horregatik lanpostuak sortzen saiatuko da, industrialdeak sortzen,” gaineratu zuen. EAJri erantzunez, “promotorarekin hitzarmena egin zen eta horrekin herriak Plazaolako lurrak lortu ditu etorkizunean parkea egiteko” adierazi zuen Mugikak.
Soldata jaitsiera
Lege-dekretu baten arabera, Udalek gastua %5 murriztu behar dute urte honetan. Hori dela eta, gobernu taldeak Gobernu batzordeko kideen, teknikoen eta langileen soldaten jaitsiera eta sei lanposturen murrizketa proposatu zuen, baina oposizioko taldeek bat egin eta atzera bota zen proposamena atzo goizeko batzarrean.
Ezker Batuako zinegotziak guztien arteko akordioa behar dela eta erabakia Udalhitzen dagoenetik gertu egon beharko lukeela adierazi zuen.
Ezker Abertzaleko zinegotziek kaltetuak langileak izatea salatu zuten. Era berean, Gobernuak errenta handia dutenei eskatu behar diela eta egoera hau aldatzeko bide globalak hartu behar direla adierazi zuten.
PPko Encinas jauna gastua kontrolatzearekin ados zegoen, “legeak horrela dioelako”. Baina bere ustez adostutako proposamena izan beharko litzateke eta honetaz gain, udalean dagoen tekniko kopurua murriztu beharko litzateke.
LOHPa bat etorri zen horrekin eta Gobernuko liberatu kopurua murriztu beharko litzatekeela adierazi zuen.
EAJk ere gehiegizkotzat du gobernuaren liberatu kopurua ”Gipuzkoako beste herrietan ez dago horrelakorik.”
PSOEren izenean Iñaki Mugikak azaldu zuenez, era batera edo bestera aurrera eraman behar den puntua da eta proposamena onartua izan ez denez, horren ondorioak ikusi beharko dira.
Udaltzarrean eztabaidatu ziren gainerako gaiak hurrengo zenbakian azalduko ditugu, hala nola, Memoriaren Eguna, Jon Tecedor beka edo alderdien proposamen batzuk.