Autoikaskuntza, berrikuntza AEKn

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 10a

Euskara AEKn ikasi edo hobetu nahi dutenek irailean zehar zabalik dute matrikula egiteko epea. Maila guztiak eskaintzen ditu euskaltegiak, goizez eta arratsaldez eta 2010-2011 ikasturtea urriaren 4an, astelehenean, hasiko da. Aurten bada berrikuntza bat AEKren eskaintzan, autoikaskuntza. Olatz Urdanpilleta AEKko irakaslearen iritziz ez da euskara ikasteko modurik egokiena bakoitzak bere etxean ikastea, baina gero eta jende gehiagok eskatzen duenez aukera hori ere emango du aurten AEKk.

Euskara etxean ikasteko aukera emango die AEKk lasarteoriatarrei, autoikaskuntzaren bidez. Ikasleak materiala jaso eta tutore baten laguntzaz ikasiko du, eta mintza saio batzuetan ere parte hartuko du. AEKn ikusi dute gero eta hedatuagoa dagoela autoikaskuntza herri guztietan, eskaera handia zela, "eta horregatik aukera hori ere emango dugu". Horrela, ordutegiarengatik ezin dutenek edo talderik gabe geratu direnek ere beren kontura ikasteko aukera izango dute.

Olatz Urdanpilleta Muntteri euskaltegiko arduradunaren iritziz, "orain arte ikusi dugu, bakoitzak bere bakardadean ikastea, ez dela ikasteko erarik egokiena. Taldean jardutea, beti ere positiboagoa da ikaslearentzako, klaseetan normalean girotxo polita egoten da eta. Ikasteko giro ona eta talde aktiboak izaten saiatzen gara".
Dena den, Olatz Urdanpilletak azaldu digu aukera bakoitzarena dela, eta bere abantailak ere badituela autoikaskuntzak, "autonomia ematen dizu, nahi duzunean egiteko aukera. Klaseetara joanda ere egin dezakezu hori, gero etxean liburuak irakurri, zerbait entzun... aukera hori beti duzu. Baina egia da gure bizitza gero eta okupatuago daukagula, eta orduan aukera interesgarria da. Beste batzuk agian probatu nahi dute taldean lotsa ematen dielako, ba probatu dezatela".
Taldearen goxotasuna faltako du eta matrikula garestiagoa da, baina oso ondo antolatuta dago: ikasleak galdeketa bati erantzuten dio tutoreak zergatik eta zertarako ikasi nahi duen jakin eta beretzako plangintza egokiena egiteko; tutorea eta ikaslea astero harremanetan daude, lanak eman, zalantzak argitu,... eta hilero berrikusten dira hasieran jarritako helburuak".

Ordutegi malgua

Bestalde, AEKko Euskaltegian ematen diren ikastaroak astean zortzi edo hamar ordutakoak dira, goizean ari direnak bi ordu eta erdiko klaseak dituzte, eta arratsaldekoek bi ordukoak,astelehenetik ostegunera, ostiraletan gehienek jai eduki nahi dute eta.
Goizeko 9etan hasten dira lehen taldeak Euskaltegian eta gaueko 10etan bukatzen dute azkenek. Ordutegian malgutasun handia dauka AEKren euskaltegiak, erraztasun handiak ematen ditu eta ikasleek adosten dute. Txandaka lan egiten dutenek, hau da aste batean goizez eta bestean arratsaldez, aukera dute euskaltegira ere aste batean goizez eta hurrengoan arratsaldez joateko.

Irabazteko asko

Ikastera datozenen motibazioa aldatu da azken urteotan: lehen arrazoiak, bikote euskalduna, umeak,... afektiboak ziren. Orain lanarengatik doaz asko, tituluarengatik. "Niri iruditzen zait pena bat dela Euskal Herrian bizi eta euskara ez ulertzea edo jakitea, zati handi bat galtzea delako. Batek euskara ikasita ez die besteei mesede egiten, bere buruari egingo dio mesede, bera da aberastuko dena" aitortu digu AEKko arduradunak.
"Norbaitek euskaraz ez badaki, ez dauka arazorik, nik erdaraz badakit, nik hitz egin dezaket, baina irabazteko asko dago euskara ikasita. Eta taldean egon ezkero eta gustura baldin bazoaz ez da hainbesteko lana. Egunero joan behar zara, ardura bat da, baina nik ikasleak gustura etortzen direla eta ondo pasatzen dutela ikusten dut" esan digu zuzendariak.
Ikasleak ez estutzen saiatzen dira. "Asko beldurturik etortzen dira, sekula ez dute ikasi, baina gero oso kontent daude, ikusten dutelako ikasten ari direla baina giro onean. Helburu batzuk markatu behar dira, baina pixkanaka, bakoitzak badauka bere erritmoa". Oro har, Urdanpilletaren ustez oso ondo pasatzen dute, lana ez galtzeko titulua lortu behar dutela eta estu eta larri datozenak izan ezik.

Mintzamenari garrantzi

Irakasleak saiatzen dira klaseetan denetarik egiten, Olatzek esan digunez, "beharren arabera, baina beti ere mintzamenari garrantzia gehiena emanda, ze hori da gehien bat denok behar duguna". Dena den, azterketetan idazlanak ondo egin behar direnez eta normalean gehienek hor huts egiten dutela kontuan izanik, idazlana ere lantzen dute, idazten ere ikasteko.
Ohiko ikasketez gain, bestelako ekintza, hitzaldi edo tailerrak ere antolatzen ditu euskaltegiak, pare bat hiruhilero, esaterako sukaldaritza, pintxo lehiaketa edo diapositiba emanaldiak. "Hori bai beti ere ikasleei zer nahi duten galdetuz, euren gustuetara moldatzen saiatzen gara".
Esan bezala matrikula egiteko epea urrira arte dago zabalik. Dena den, urtean zehar batzuek izena ematen dute eta taldeetan lekua izanez gero hartzen dituzte. Matrikulazio kanpaina garrantzitsuena irailean izaten da. Gabonak eta gero ere joaten dira berriak euskaltegira, urte berriarekin batera asmo onak izaten dira eta.
Ordutegia zabala da, goizez eta arratsaldez eta ikasle mota eta mailari dagokionez, normalean gazteek badakite euskaraz eta beraz azterketak gainditzera doaz, 2. eta 3. mailako tituluak edo EGA ateratzeko.

Aiton amonak

Adin esparruari dagokionez, harriturik daude Muntteri euskaltegian aiton-amon asko hurbiltzen ari direlako, jubilatu eta gero. “Lehen agian lotsa gehiago izaten zuten, baina orain gazte sentitzen dira eta ikastera datoz. Beste erritmo batean, beraien erritmoan" esan digu Urdanpilletak.
Muntteriko arduradunak adierazi digunez etorkinak ere badira euskaltegian: "Hona etortzen direnean, badakite zerbait badagoela tutik ere ulertzen ez dutena, etorri eta 0 urratsean hasten dira”.
Bertan jaiotako ikasle "beteranoak", urtetan etorri eta euskara "zerbait" ulertzen dutenak askotan harritu egiten dira, kanpotik etorri eta hain azkar nola trebatzen diren ikusita. “Zailena ikasten hasteko pausua ematea da. Behin hasten direnean oso giro polita sortzen da eta konplizitate handia”.