Ordutegi zabala du Udal Euskaltegiak astelehenetik ostegunera, goizez 9:00-11:30, arratsaldez 15:00-17:30 eta iluntzean 18:30-21:00 bitartean. Dena den zuzendariak azaldu digunez, aukera bada ordu hauetatik kanpo beste talderen bat sortzeko, gutxienez 8 lagunetakoa bada, eta bestalde, txandaka lan egiten dutenei begira, “saiatzen gara, goizeko taldeak arratsaldean bere isla izan dezan. Orduan goizeko taldeak eta gauekoak maila berdinekoak dira. Saiatzen gara irakasle berak bi taldeak eramaten, ikasleen jarraipena egokia izan dadin. Beste aukerarik ez badago, bi irakasleren artean eramaten dira. Gaur egungo jendearen beharretara egokitzeko egin dugun ahaleginetako bat da, urte batzuk daramatzagu horrela eta jendea pozik dago” esan digu Atxuk.
Udal Euskaltegian azken bost ikasturteetan eman den autoikaskuntza zerbitzuak eskari handia du eta urtero gelditzen dira ikasleak kanpoan: “irakasleen disponibilitatea baino gehiago eskatzen da. Eskari guztiari erantzun ezinik ibiltzen gara”. Maila guztiak eskaintzen dira hasiberrietatik EGAraino. Autoikaskuntza moduluak 190 ordu dira, horietatik 156 ordenagailuz egitekoak. Internet duen edozein ordenagailutatik sartu eta egin daitezke ariketak; batzuk autozuzenduak dira eta beste batzuk, idazlanek esaterako, irakaslearen feedback-a behar duten ariketak dituzte.
Ikaslearen planifikazioa
Asurabarrenak azaldu digunez autoikaskuntzan garrantzitsua da ikaslearen planifikazioa: “Ez da aste batean sekulako ordu pila sartu behar. Guk astean gehienez ordenagailuko bost ordu proposatzen ditugu. Hori da urria hasieratik ekainera mantendu behar duten erritmoa”.
Bestalde mintzamena lantzeko beste 28 ordu behar ditu ikasleak. Ahozko trebakuntzako saioak egiteko, Udal Euskaltegian, ikasleak ohiko taldeetan sartzen dituzte, hau da, asteko mintza ordu bat egin baino, ohiko aurrez aurreko talde baten bi orduetara joateko aukera eskaintzen zaie. “Horrela gainera talde horretan egiten diren beste hainbat eginkizunetan parte hartzeko aukera dute. Eta horretaz aparte tutoretza: ikasle bakoitzari urtean zortzi ordu dagozkio baina askoz gehiago sartzen dira”.
Udal Euskaltegiko zuzendariaren ustez, irakaslearentzat izugarrizko lana da ikaslearen beharrei erantzutea, “irakaslearen lan karga berez HABEk aitortzen duena baino dezente handiagoa da. Ahalegin hori egiten dugu eta ikasleak eskertu egiten du”.
Jesus Mari Asurabarrenak azpimarratu digunez, Udal Euskaltegiko ikasleek maila gainditzeko probetan “izugarrizko emaitza onak” izan dituzte: “oro har %70ak gainditu du eta autonomia erkidegoko euskaltegi guztien bataz bestekoaren %15 edo %20 gainetik gabiltza”.
Tutoretzaren garrantzia
Emaitza on horien arrazoia azaltzeko, zuzendariak tutoretza zerbitzua talde guztietan jartzea aipatu digu: “tutoretza ez dugu soilik egin autoikaskuntzakoekin, baizik eta ohiko taldeetan ere bai, eta horren eragina nabarmena izan da izan ditugun emaitzetan. Urtez urteko azterketa konparatiboa egin genuen eta tutoretzarik gabeko taldeek emaitza kaskarragoak izan dituzte tutoretza izan dutenek baino”.
Tutoretzaren bidez ez da soilik ikasleen bakarkako jarraipena egiten, Asurabarrenak azaldu digunez, ikasleak bere hurbileko harreman sarean eragin dezan aprobetxatzen dute: “euskara izan dadila bere harreman sareko pertsonekin komunikazio hizkuntza. Horrek ere emaitza akademikoetan eragin handia du”.
Kanpo ekintzak
Bestalde, Asurabarrena zuzendariaren ustez, Euskaltegiaren planteamendu pedagogikoan oso garrantzitsuak dira kanpo ekintzak: “azken finean gelan lantzen diren ikastunitateetan hizkuntza lantzen da, baina beti ere gelaren testu inguruan, ikuspegi akademikotik hurbilago legokeen ikasteko modua da. Gu saiatzen gara gelako jarduna era guztiz akademikoa izan ez dadin. Gelan burutzen ditugun komunikazio ekintzak ere saiatzen gara egoera errealetara ahalik eta gehien hurbiltzen”.
Kanpo ekintzetan ikasleek izaten duten baretasunak akademizismo hori berez ahaztea dakar, inolako esfortzurik gabe. “Ikasleak lasaiago eta erosoago sentitzen dira beraiek duten gaitasun hori nolabait martxan jartzeko. Garrantzitsua da euskararen erabilera era naturalean eta presiorik gabe pixka bat hitz egiteko. Kanpo ekintza atseginak izaten dira eta jendeak oso gustura pasatzen du, parte hartze ona izaten da eta balorazioak ere oso onak izaten dira” nabarmendu digu Jesus Mari Asurabarrena Euskaltegiko zuzendariak.
Eraikin berria
Aurreko ikasturte erdialdetik eraikin berrian da Udal Euskaltegia, anbulatorio gainean, eta iaz %30eko igoera izan zuen matrikulazioan. “Aurreko ikasturtearen erdialdean estreinatu genuen euskaltegia, eta eraikin berriaren tira edo, baina 150 ikaslerekin hasi genuen ikasturtea autoikaskuntzakoak barne eta gero hutsik geratzen ziren plazak betez 191 ikasle izan ziren euskaltegitik pasa zirenak” adierazi digu Atxuk.
Bestalde, uztailean AISAko ikasleak izan dituzte eta beraz iazko matrikulazio eta ikasle kopuruarekin oso konforme da zuzendaria. “Aurten matrikulazioa iazkoaren berdintsu doa, egun bertsuetan jende gehiago etorri da. Mantentzearekin konforme ginen eta hori gaindituko bagenu, izugarria izango litzateke. Dena den, iazkoa gainditzea oso zaila ikusten dut”.