Tourra beti dela gogorra esan digu Iban Mayozek: Giroaren ondoren atseden hartu, ezer ez korritu eta Tourrera ondo ailegatu bazen ere, gero ez zen baldintza onenetan ibili bronkitisa harrapatu zuen eta. Dena den, erorketarekin amaitu zen abentura. Gero denbora izan du saihetsak sendatu bitartean lasai egon, bizimodu normala egin eta atseden hartzeko. Telebistatik jarraitzen du egun hauetan Españako itzulia.
Zerk ematen du min gehiago, hautsitako saihetsak ala Tourra utzi beharrak?
Biek. Tourra utzi beharrak pena handia ematen du. Baina, horrelako lesio batekin zaudenean, badakizu ezin dela jarraitu.
Garrantzitsuena kasu hauetan sendatzea da, ezta?
Bai hori argi dago, inportanteena osasuna da, ezin denean ezin da eta kitto.
Pirinioetan euskaldun mordoa egoten dela jakinik, pena hartuko zenuen lehen Tourrean Pirinioetan ez pasatzeagatik?
Hori da, Pirinioetako lehenengo etapa izan zen niretzat azkena. Orduantxe ari ginen inguratzen etxe aldera, eta bai, pena handia ematen du. Gainera 15. etapa zen, gutxi falta zen...
Nolakoa izan zen erorketa?
Nik bidoi bat zapaldu, lurrera erori eta atzetik zetorren txirrindulariak bizkarrean eman zidan bere bizikletarekin. Orduan puskatu zitzaizkidan hiru saihetsak.
Meritua izan zenuen hala ere; etapa amaitu egin zenuen...
Beti ere saiatzen gara jaiki eta etapa bukatzen, agian kolpea bakarrik izaten da; ezer ez badago hautsita, hurrengo egunean jarraitzeko moduan izango zara. Baina, gero, ospitalera joan eta hiru saihets hautsita zeudela ikusi genuen eta horrela segitzerik ez zegoenez, etxera.
Txirrindulariak gogorrak zarete gero...
Gogorrak bai, baina gu ere hausten gara.
Nolakoak izan ziren erorketaren ondorengo egunak?
Aurrena ospitalean egon nintzen astebete, pneumonia ere baneukan eta hura kontrolpean izan arte eta gero etxera. Ezer berezirik ez dut egin, bizimodu lasaia egin; saihetsak sendatzeko ez dago ezer egin beharrik, soilik denbora behar du.
Aurtengo denboraldia bukatutzat jotzen al duzu?
Hasiera batean behintzat bai. Agian, akaso, urte amaieran karreraren bat korrituko dut.
Zaila izango da berriro topera jartzea, ezta?
Bai, jada ez du zentzu handirik. Nahiz eta topera jarri ez dago karrerarik.
Gogorra al da lehenengo Giroa eta gero Tourra egitea?
Gogorra da, sekula ez nituen bi itzuli egin urte berean eta egia esan ez da erraza bietan maila ona ematea.
Giroan biziago ibili zinen, Italian, ihesaldi gehiagotan sartu zinen, ezta?
Bai. Urte hasieran nire helburua Girora ondo iristea zen, Tourra ez zegoen nire urteko egutegian. Gero Giro ona egin eta esan zidaten Tourrera joateko. Beti ere, denboraldi guztiko nire prestakuntza Giroari begira egin nuen eta han ondo ibili nintzen.
Zail eta gogorragoa da Tourra,...
Ez dakit zer esan, kirol aldetik nahiko antzekoak dira bi lasterketak. Diferentzia handia dago, Tourrak eta Giroak mugitzen dutenaren aldetik. Tourrean egindako edozerk kristoren oihartzuna eta ondorioa dauka. Giroan ez da hori hainbeste bizi, oso karrera garrantzitsua da baina ez dago Tourrarekin konparatzerik alde horretatik.
Tourrean 150 km egin zenuen beste laurekin ihes eginda, etapa hasieratik bukaerara. Une horietan zer pasatzen da burutik?
Beti daukazu helmugara iristeko esperantza, baina etapa horietan oso zaila izaten da sprinterrek asko kontrolatzen dutelako. Azken kilometrotan ikusten duzu nola tropela gainean dagoela eta gehienetan bezala kilometro gutxi faltan harrapatuko zaituztela.
Eta harrapatutakoan, amorrua, ezta?
Alde batetik pixka bat bai, baina bestalde, badakizu seguruena hori gertatuko dela eta amorrua gehiago izaten da beste era batetako etapatan. Uste duzunean ihesaldia seguru iritsiko dela. Ailegatzen ez bada orduan bai ematen du amorru handia. Beste horietan normalena harrapatzea izan da beti.
Etapa oso garesti dago gaur egun Tourrean, ihesaldi gutxi iristen dira helmugara?
Gutxi iristen dira eta iristen diren ihesaldietan gainera oso maila handiko txirrindulariak izaten dira. Azken finean Tourra munduko lasterketarik onena da eta han munduko onenek irabazten dute.
Duela urte batzuk euskaldunek urtero etaparen bat lortzen zuten, baina aurten ere ez? Zein iritzi duzu horri buruz?
Aparteko iritzirik ez, hori horrela izaten da, bolada onak eta txarrak izaten dira. Batzuetan irabazten da eta bestetan ez. Askotan gehiegi ibili gabe, suerte pixka batekin karrera irabazten da eta agian Tourrean tropelean indartsu zabiltzan arren ez duzu ezer egiten.
Zure lehenengo tourra izan da, zer sentitu duzu? Zure ametsetako bat bete duzu?
Bai, bizikletan hasten den edozeinentzat Tourrera joatea da ametsa eta nik behintzat aurten lortu dut. Zazpi urte eta gero, berandu izan da, baina polita da Tourra korritzea.
Ilusiorik egin al zizun lehena ateratzeak prologoan?
Bai, gauza polita izan zen gainera. Tourra nik hasi dut aurten.
Tourreko lehen liderra beraz...
Bai lider birtuala. Baina oroitzapen polita izango dut.
Frantziako Tourra hurrengo urteren batean amaitzeko esperantzarik ba al duzu?
Berriz itzuli ezkero bai, noski. Bukatzea ez da horren zaila ez badago eroriko edo gaixotasunik. Ez nuke arazorik izango, baina hiru aste luzeak dira eta beti izaten da zerbait.
Giro, Tour, Vuelta,... hurrengo urtetarako zein asmo daukazu?
Oraindik ez dakit zein taldetan izango naizen ere.
Zer gustatuko litzaizuke?
Argi dago Tourrera itzuliko nintzatekeela berriz ere. Tourra da lasterketarik handiena eta txirrindulari gehienek han egotea dute helburu nagusia.
Zer moduz Footon Servetto-n?
Egia esan, ondo. Talde oso berria izan da, lau izan ezik txirrindulari denak berriak ginen. Talde gaztea eta polita. Eta, egia esan, gustura ibili gara.
Zazpi urte txirrindularitza profesionalean... Pozik al zaude egindakoarekin?
Bai, pixkanaka, urtero-urtero hobeto ibili naiz behintzat. Aurreneko urtetik hona ikusi dut hobetzen joan naizela eta hori pozgarria da.