Saneamenduko intertzeptorearen lanen azken fasearekin hasi dira Ola kalean

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 11

Lasarte-Oria eta Usurbilgo saneamenduko intertzeptore orokorraren Zumaburu kaleko bidegurutzetik Ola kaleko 10. zenbakiraino lanak amaitu dira.
Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak azken faseari hasiera emango dio gaur.
Hau Ola kaleko 10. zenbakitik Oria ibairaino doan zatiari dagokio. Horretarako, Erribera kaleko atzeko bidea lehengo zenbakiaren parean itxiko da.
Eremu honetako lanen exekuzio epea hiru hilabetekoa da.

Zirkulazio aldaketak

Lanek eragin dituzten zirkulazio aldaketei dagokionez, Dorre parkeko lurrazpiko aparkalekuak eta Ola kaleko lehenengo zenbakiko garajeak ohiko sarrera izango dute..
Bestetik, Erribera kaleko atzeko bidera, ibai ondora, Zumaburu eliza atzetik sartuko da eta bi zentzuak mantenduko ditu kale horretako lehenengo zenbakiaren pareraino.
Kale honen amaiera itxia dagoenez, aparkatzea debekatuta egongo da lanak amaitu arte. Herritar kaltetuek, alternatiba moduan, Ganbo kalean utzi ahalko dute bere autoa.