PSOE, PP, EAJ eta LOHPak aurkeztutako mozio bateratuak EB eta H1! alderdien aldeko bozka izan zuen, Ezker Abertzaleko zinegotziak, aldiz, aurka agertu ziren.
Honen bitartez, azaroaren 10ean mozioa irakurriko da, betibizi lorean duen plakaren aurrean lore sorta utziko da eta 15 minutuko isilunea egingo da biktimak gogora ekartzeko.
Hala ere, mozioaren bozka baino lehen, PPko ordezkariak atxikimendu mozioa egin nahi izan zuen. Honetan, egun hori terrorismoaren biktimen memoriaren eguna izendatzea eta ETAren gaitzespena gehitzea eskatzen zuen.
Mozioa sinatzen zuten gainerako alderdiek eta oposiziokoek, ezker abertzaleko bi zinegotzik izan ezik, ez zuten aldaketa onartu. Arrazoiak, batetik aurretik adostutako testua izatea eta, bestetik, Euskal Erkidegoko hainbat erakundeek sinatutakoarekin bat egitea izatea.
Honetaz gain, tentsioa nabaria izan zen, Ezker Abertzaleko zinegotziek hitza hartu eta besteak beste,“hori ez da gure memoriaren eguna,” “omenaldi hori partziala da, biktima gehiago daude,” “biktimen kategorizazioa dakar honek” edo “hau ezarri nahi zaigun modelo baten eredua besterik ez da,” adierazi zutenean.
Udalbatzarreko hainbat zinegotziek gelatik atera ahal ziren galdetu zuten. Ana Urchueguia alkate ohiak, esate baterako, bere eserlekua utzi zuen.
Aldaketak
Era berean, osteguneko batzarrean, Zabaleta Berriko plan partzialaren aldaketa onartu eta Udalak Behemendin duen ordezkari aldaketa ere onetsi zen. Era honetara, Rikardo Ortegak zuen ordezkaritza Martin Morenoren gain egongo da orain.
Herritarren eskaerak
Honetaz gain, alderdi sozialistak aurkeztutako hiru mozio eztabaidatu eta onartu ziren.
Horietako bik herritarren eskaerei erantzuna ematen diete, batetik N-1 autobiaren Madril-Irun noranzkoan zarataren aurkako panelak ipintzea eta bestetik, Urnieta Bidean espaloi bat egitea.
Foru Aldundiaren erantzukizuna direnez, eskaera hauek helaraziko dizkio Udalak.
Era berean, Alderdi Sozialistak Pakistani 15.000 eurotako laguntza humanitarioa bidaltzea aurreikusten bazuen ere, PPko zinegotziak egindako eskaerari erantzunez, 3.000 eurotan gehitu zen laguntza hori.
Ezker Abertzaleko zinegotziak ez ziren ados agertu mozio honekin. “Hirugarren munduko egoera latza da eta lehenengo munduaren interesei erantzuten die,” “Pakistanek ez ditu 18.000 euro behar, 18 milioi baizik,” “hipokresia galanta da hau,” adierazi eta agintariei neurri globalak jartzeko eskaera egin zuten.
Dirulaguntzak
Hau guztiaz gain, Alkateak Jaurlaritzak bi dirulaguntza eman dituela jakin arazi zuen.
Dirulaguntzarik ez duten ohiko gastuetan erabiltzeko, hau da, udal jangela, etab.
Era berean, Hiriber programari esker, Jaizkibel plazako eraberritze proiektuaren %65a, hau da, 386.939 eurotako laguntza lortu du Udalak.
Bestalde, Goiegi Ibarreko Babes Ofizialeko Etxebizitzen eskatzaileen behin behineko onartuen eta baztertuen zerrendak argitaratu direla jakin arazi zuen.
Galderak eta eskaerak
Ezker abertzaleako zinegotziek zabor tasan akatsa egon eta Donostiari zor zaioen diruari buruz, Somotoko auditoriaren informeari buruz eta herriak duen zorrari buruz galdetu zuten.
Alkateak batetik, zabor tasarena FCCren akatsa izan zela azaldu zuen eta San Markori zorra ordainduko zaiola; Somotoko auditoriari dagokionez, enpresa atzeratzen ari dela jakin arazi zuen, eta azkenik, herriaren zorra %4,6a dela jakin arazi zuen, beraz, inbertsiorako maileguak eskatu daitezkeela.
EAJko Iradi jaunak herrian komun publikoak noiz jarriko diren galdetu zuen. Zaballosek Loidi-Barreneko frontoiaren ondoan bat egingo dela jakin arazi zuen.