“Musika, zinea, irria eta kolorea eraman dugu zapaldua dagoen Palestinara”

itxaso-moreno 2010eko irailaren 13a

Uztailaren 14tik 27ra Joxe Mari Agirretxe, "Porrotx", euskal kultur brigadako kide bezala Palestinan ibili da bertako errealitatea hurbiletik ezagutzeko asmoz. Musikariak, bertsolariak, zinemagileak, unibertsitateko irakasleak, ikasleak... guztiak arazoaren erdigunean murgildu nahian. Bidaian umorerako lekua ere egon da, eta guztiari buruz hitz egiteko Agirretxerekin bildu gara.

Hasteko, zertara joan zarete Palestinara?
Palestinar herriaren egoera dramatikoa da. Euren jaioterritik kanporatuak izan dira kanpaina itogarria eta gero.

Guzti hau ulertzeko egin dezagun errepasoa...
1948a baino lehen, Palestina Britainia Handiko kolonia izan zen, baina deskolonizazioa eman zenean ingelesak ez zuten palestinarren esku utzi nahi.
Palestinarra beti herri oso progresista izan da.
Nazio Batuen Batzar Orokorrak 1947an 181 erresoluzioren bitartez Palestina bi estatuetan banatzea erabaki zuen, bata arabiarra, bestea hebrearra, arabiarren gaitzespenarekin. 1948ko maiatzean Israeleko Estatua eratzen denean, lehen guda hasten da arabiar eta israeldarren artean. Israeldarrek euren boterea ezartzeak 600.000 palestinarren exodoa eragin zuen. Ordudanik, israeldarren okupazioa handiagoa da eta palestinarren egoera gero eta latzagoa.
Hau dela eta, bertan milaka urte zeraman herri bat, euren lurretatik kanporatua izaten ari da.

Zein da arazo honen jatorria?
1947an Nazio Batuek judutarrei aukera bat ematea erabaki zuen eta 1948an Israel estatua sortu zen. 60 urte pasa dira eta garai honi palestinarrek Al-nakba deitzen diote, ezbeharra gertatu zenetik. Gero eta okerrago daude, gero eta lur gutxiago dute.
Arazoa politikoa da. Mendeetan lurralde horretan erlijio desberdinetako hiritarrak elkarrekin bizi izan dira. Arazoa da, Israelek judutarrentzat bakarrik izango den estatu bat nahi duela, beraientzat bakarrik eta palestinarrak kanporatu.
Lur guztia beraientzat nahi dute, jainko batek hala agindu zielako. Palestinar askok euren etxeak utzi behar izan dituzte israeldarren okupazioarengatik eta euren lurraldean bertan errefuxiatuak dira, milaka dira, beste batzuk Sirian, besteak Libanon, besteak, Jordanian daude. Nazio Batuen erakundeen eremuetan bizi dira.

Ez dago elkar bizikidetzarako esperantzarik?
Palestinarren artean esperantza gutxi dago. Bi herri, bi mundu dira, eta gainera batak bestea janda eta zapaldua dauka. Israeldarrengatik izango balitz palestinar guztiak botako lituzkete euren lurretatik, eta ezinezkoa dutenean, sarraskiak egiten dituzte. Dagoeneko 5.000.000 bota ditu, baina palestinarrek bere lurrekiko atxikimendu handia dute eta lotura horri esker aguantatzeko eta sufritzeko borondate ikaragarria dute. Beraz, horren kontra egitea oso zaila da.

Brigada kultural bateko kide bezala joan zara Palestinara, zein helbururekin?
Bertako egoera ezagutu, ezagututakoa maitatu eta era berean gure elkartasuna eskaini. Gure musika, gure irria... guk duguna beraiekin konpartitzera joan gara. Gainera bidai honetan jasotako guztiarekin datorren urteari begira liburu, dokumental eta kultur saioak antolatu nahi ditugu Euskal Herrian Palestinarrei gure elkartasuna adierazteko. Azken finean jasaten ari diren Europaren eta oro har munduaren boikot kanpainaren aurrean bultzada bat emateko.

Hemengoa eraman duzuela diozu, zer esan nahi duzu?
Euskal Herriari buruz hitz egin diegula, hemengo egoera azaldu, hemengo zatiketa eta horrek planteatzen duen arazoaren berri eman diegu. Konponbide baten bila gabiltzala eta horretarako ahaleginak egin behar direla. Konturatu gara, Palestina eta Euskal Herria bata besteagandik hain urruti egonda ere hausnarketak, kezkak, hanka sartzeak... berberak direla.

12 egun, zerk ukitu zizuen gehien?
Hedabideetatik jasotzen duguna eta bertan bizi den errealitatea oso ezberdinak direla. Hara iritsi eta izugarrizko flash-a hartzen duzu. Adibidez estatuan dauden errepideak ez dira guztientzat. Badaude batzuk palestinar eta turistentzat, eta beste batzuk, judutarrentzat.
Gainera, palestinarrek ura mugatua dute eta aldez aurretik ordaindua, eta judutarrek ez. Zaila da bertako egoera ulertzea, baina gu saiatu gara.
Palestinar batek zergak ez baditu ordaintzen, edota bere familiako kide bat atxilotzen badute, etxea kendu eta bertan judutarrak sartzen dituzte.

Egoera gogorra...
Oso gogorra. Gainera, ezin dira judutar kolonietan sartu. Normalean, kolonia hauek mendietan egoten dira, baina Ebron herrian adibidez alde zaharrean, erdigunean, dago. Eta palestinarrak ezin dira sartu.
450 kilometroko hesi bat ere eraiki dute Israel, Zisjordania eta Gazatik ondo banatzeko. 6 metroko altuera du gutxi gorabehera; alanbrez josia eta kontrolatuta dago.
Hesi horrekin lurrak zatitu dituzte eta horren eraginez palestinarrak ezin dute alde batetik bestera pasa familia ikusteko edota lurrak lantzeko...

Ikusi al zenuten hesia?
Argazkiak ateratzera bertaratu ginen. Porrotxek bazekin ezin zuela hesia bultza, bota... baina bultzaka aritu zen palestinar haurren laguntzarekin. Horrekin irudikatu nahi genuen badagoela herri bat kolorez bizi nahi duena, askatasunean, baina era berean beste errealitate bat dagoela, txuri beltza, grisa... eta hori hesiak irudikatzen du. Askatasunean bizi eta ibiltzeko aukera oztopatzen du.
Metafora bat da, izan behar ez lukeenaren metafora. Argazkian bidai osoaren sentsazioa irudikatzen da, inpotentzia.

Horretarako, eragile eta mugimendu ezberdinekin elkartu zarete, ez?
Hamas, FATAC eta Frente Popularrekoekin, abokatuekin, emakume mugimenduekin, alkateekin... Gure helburua ikuspegi zabal eta ahalik eta objektiboena lortzea zen, eta hamabi egunetan ez da erraza.
Tragedia handia da bertakoa, munduko beste lurralde askotan gertatzen den bezalakoa. Mundua gudaz eta zapalkuntzaz beteta dago. Munduan egoismoa eta kolore ezberdinetako inperialismoa dira nagusi.
Ni pailazoa naizen heinean, koloretako mundu batekin amesten dut. Mundu horretan bai animaliak, landareak, kulturak, hizkuntzak... tokia beharko lukete. Munduak kolore anitzetakoa izan beharko luke, eta bandera hori ahalik eta puska txikienez osatuta. Modu irekian, eman eta jasotzeko moduan, nortasunen errespetuan bizi beharko ginateke.

Bertako eragile palestinarrek zein helburu dute?
Zatiketa politiko handia dago, baina mugimendu politiko sozial guztiak bat eginda daude egoera larriari aurre egiteko. Erresistentziaren estrategia planteatzen dute. Nazioarte mailan ezagupen legitimo bat lortzea baino, plantatzearena. Bere garaian afrikari egin zitzaion bezala. Egun Israel eta Palestinan bizi den egoera erabat segregazionalista da. Bigarren mailako biztanleak daude, eskubide guztiak ukatuak dituztenak.

Nola konpondu eta komunikatu zarete elkarrekin?
Porrotxek saioak arabiarrez egin ditu. Koloreen izenak, zerua, itsasoa, eguzkia... txuleta batean idatzirik zeramatzan. Bertakoekin eta umeekin euren hizkuntzan mintzo da. Baina esplikazio zabalagoak behar genituenean, Fredi Paiak ingelesera eta interpreteak arabierara itzultzen zituen.
Oso polita izan da esperientzia. Konturatzen zara munduko txoko batera edo bestera joan, badagoela guztiok ulertzen dugun hizkuntza bat, beti ere komunikatzeko borondatea dagoenean. Bihotzetik bihotzera hitz eginez.

Porrotx edo Joxe Mari, nor egon da Palestinan?
Biak egon dira. Joxe Marirentzat, esperientzia oso aberatsa izan da. Turismo egiten duzunean ez zara gauza askotaz konturatzen. Adibidez, Berlusconiri lehengo astean (Palestinan ibili zen eta) hesiaz galdetu ziotenean, zer hesi? erantzun zuen. Ez zuen hesia ikusi nahi izan.
Guk bertako jendearekin ibili gara. Adibidez, nekazari bat bisitatu genuen. Bere lurretan obra bat egin zuen ustiapena handitzeko asmoz, baina, lanak amaitu eta hurrengo egunean ejertzitoak bota egin zion. Ez zuen baimenik eskatu, beraz, suntsitu egin zuten. Baina eskatuz gero ere, ez liokete emango. Sufritzen ikusi genuen, negarrez... guzti horrek Joxe Mari pertsonalki asko aberastu du.
Eta Porrotx ere bai. Argazkietan argi ikusten da.

Porrotx bere saltsan, ezta?
Bilera guztiak abesten edota dantzatzen amaitzen genituen. Eta Porrotx-i bezala sudurrak gorriz margotu dizkiegu. Lehen aipatutako koloretako mundu hori lortzeko beste arrazoi bat gehitu du.
Oso kontent dago gainera, Maite Zaitut abestia arabieraz aterako dugulako. Bertan, Said Sabreen musikari palestinarrarekin bildu ginen proiektuaz hitz egiteko. Palestinarrentzako bertsioa egingo dugu. Letra jada egina dago, hango errealitatera moldatuta. Adibidez Gazan umeak asko jolasten dira kometarekin, eta hauek abestian agertuko dira. Baita, Nabulusen dagoen errefuxiatuen kanpamendua, Balata.
Urrian Said Euskal Herrira etorriko da eta hurrengo diskoan, Maite Zaitut arabiarreraz sartuko dugu.

Nabuluseko unibertsitatean ere proposamen bat egin zizueten, ezta?
Dagoen zapalkuntza eta errepresioaren aurrean, irribarrea jarri nahi dute. Euren aburuz irribarrea da bertara eraman daitekeen gauza politena. Eta pailazo ikastaro bat ematea proposatu ziguten. Nik eskaera hori sortu berri dugun Antzerkizale Elkartera ekarriko dut eta proposamena bideratu dezakegun ikusiko dugu.

Brigada kulturala, berezia izan da zuena...
Kultura eskaini dugu, musika, zinema, pailazogintza, irria eta kolorea. Bizi duten egoeran, premiazkoa.