[i]Zurea bai zortea[/i] berriro martxan

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 15a

Buruntzaldeko herrietako euskaltegiek prentsaurreko bateratua eman zuten astelehenean Urnietako Lekaio Kultur etxean.
Honetan, eskualdeko Zurea bai zortea kanpainaren nondik norakoak azaldu zituzten, hala nola, herritarrek euskara ikasteko dituzten erraztasunak eta herritarrei euskara ikasten hasteko deia egin zieten.
Urnietako Mikel Izagirre alkatea eta Nerea Eraunzetamurgil, Usurbilgo Euskara zinegotziak hartu zuten hitza aurrena, bigarren urtez martzan jartzen den ekimenaren garrantzia goratzeko.
Eraunzetamurgil izan zen, hain zuzen ere, kanpainaren helburuak zehaztu zituena, "lehenengoa gertutasuna da, herritar gehienek pauso batean baitute euskaltegia, herria bat edo bestea izan. Bigarrena euskara ikasteko eskaintza zabala da, maila asko eskaintzen baitira, eta hirugarrena, euskara ikasleek lor ditzaketen diru-laguntza kopuru handia."

Elebakar gutxiago

Hernaniko eta Astigarragako AEKko Luis Intxauspe zuzendariak xehetasun gehiago eman zituen.
Helburua gero eta hiztun elebakar gutxiago egotea omen da, "alegia, gaztelania hutsez bizi edo mintzatzen direnen kopurua murriztea, pixkanaka."
Intxausperen ahotan, helburua ez da soil-soilik euskararen normalizazioa, "euskara ikastera animatzen den herritarraren aberastasuna baizik."

Buruntzaldeko web gunea

Euskaltegiek bi bide erabiliko dituzte herritarrei kanpainaren berri emateko, batetik eskualdeko hainbat enpresei posta bidez helaraziko zaie, eta bestetik www.buruntzaldea.org web gunearen erabilera sustatu nahi dute.
Joseba Arbelaitz Hernaniko Udal Euskaltegiko zuzendariak eman zituen web gunearen xehetasunak.
Eskualdeko orrialdean euskaltegien atalean norberaren maila zein den jakiteko aukera izanen du erabiltzaileak, baita maila horren arabera zein aukera izango duen eskualdeko euskaltegietan. Eta euskara ikasten hasi nahi dutenek web gunean bertan egin ahal izango dute matrikula.