Chourraut ez zen finalean sartu

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 16a

Lehengo astean, ur bizietako Mundiala burutu zen Esloveniako Tacen kanalean.
Bertan, Maialen Chourraut herritarrak iaz La Seu d'Urgellen eskuratutako K-1 mailako txapeldun ordetza defendatu behar zuen.
Lan handia egin behar izan du Maialenek mundial hau prestatzeko, piragua aldatu zuen duela hilabete eta hilabeteak egin ditu kanala ezagutu eta honetara moldatzeko.

Sailkapenetan lehena

Horregatik ez da harritzekoa sailkapenean lehenengo denbora egin izana.
Hala ere, lehiaketa ez zen ongi hasi lasarteoriatarrarentzat. Lehenengo jaitsieran, ez zuen zorterik izan. Akats ugari egin zituen eta 50. postuan bukatu zuen.
Bigarrenean, ordea, arestian aipatu bezala, denbora onena egin zuen lasarteoriatarrak, 107 segundu.
“Kontzentratu eta lehenengo denbora egin dut,” aipatzendu Maialenek bere web gunean.
Honetaz gain, “denbora honek ez du ezer esan nahi, maila handiko jendea baitago txapelketan,” abisatzen zuen.

Finaletik kanpo

Final erdian, berriz, akats bat egin zuen Chourrautek, “15. atera arte guztia ongi egin nuen. Baina planteamendu akats bat egin eta uste baino beherago erori naiz saltoaren ostean eta 10 segundu galdu ditut.”
Honela, finaletik kanpo geratu zen lasarteoriatarra. “Ez dut esango pozik nagoenik, baina ez nago goibel ere. Hobetzeko eta palista hobea izateko gogoak ditut. Hurrengo batean izango da,” adierazi zuen finalaren ostean.

Taldeka

Honetaz gain, beste bi gipuzkoarrekin batera, Jone Otaño eta Irati Goikoetxea, taldekako K-1 mailan lehiatu zen Maialen eta hamargarren postua eskuratu zuten.