Gol-gool-goool...

pablo-barrio 2010eko irailaren 16a

Uda bukatu eta, umeak eskolara joatearekin batera, futbol ligaren hasierak markatzen du ziklo aldaketa.
Ni ez naiz futbolzale. Hori ez bertute ez akatsa ez da. Ez zaizkit interesatzen baloiaren jira-birak, kito, horixe da guztia. Ondoen jokatzen duenak irabaz dezala eta amen. Interesgarria gertatzen zait futbola, ordea, gizarteko gertaera gisa. Dugun gizartearen ispilu zehatzenetakoa dugu futbola. Eta, nola esango dut... islatzen duen irudia ez da harro egoteko modukoa, nire ustez. Futbolaren zoritzarrerako, gaur eta hemen, opiotik du gehiena eta errazagoa da forofoak aurkitzen futbolzaleak baino.
Gauzak horrela, narkotizatuta gaudela, golak bata bestearen segidan sartzen dizkigute. Sartu nahi diguten azkena Anoeta estadioaren berritzearena da. Apenas 15 urte pasatxo guztion diruarekin eta bi langileen bizitzarekin (biktima horientzat ez dago plakarik, hemen etika plastilinazkoa da) eraikitakoa berritzeko 80 milioi gastatu nahi dituzte orain. Gastu sozial edo kulturarako ez dago dirurik. Ez eskatu lokal bat edo dirulaguntza bat, ze, ez dago. Horretarako ez dago. Segun eta zertarako ez dago. Opiorako, ordea... Ba, hori, plastilina berriro. Eta, kontuz, ez dut nik esango logikarik ez duenik, e!
Eta pena da, ze, zalantzarik ez dut, posible da futbolzale porrokatu bufandero turutalari desafinatuena izatea forofo izan gabe. Benetako pasioak ez du itsutzen. Honetan ere, gurea da azken erantzukizuna.