Mugikortasun jasangarria helburu duen ekimen honek, aurten, ohiko garraiobideek herritarren eta hiri, zein herrien osasunean duten eragina azpimarratu nahi du eta, era berean, garraiobide publikoen erabilera sustatu nahi du, baita herritarrek txirrinda erabili edo oinez joan daitezen ere.
Lasarte-Oriako Udalak, aurten ere, bat egin du ekimen honekin. Horregatik, irailaren 20an hasi eta ostiral 24an amaituko den egitaraua prestatu du.
Txirrinda eta bere onurak
Bizikleta izango da, berriro ere, Mugikortasun aste honetako protagonista.
Aurtengo egitaraua, beraz, txirinda erabiltzeak dakartzan onurak nabarmenduz antolatu da. Izan ere, garraiobide honi esker, bizitza osasuntsua eta aktiboa eraman daiteke eta.
Bizikletan bidaiatu
Mugikortasun asteari hasiera emateko, astelehenean, irailaren 20an, arratsaldeko 19:00etan, Ipar gazia, Hego gozoa izenburua duen dokumentala eskainiko da Manuel Lekuona kulturetxeko hitzaldi aretoan.
Guraso eta bi haurrek osatutako familia zikloturista baten eskutik, bizikleta gainean bidaiatuz bizi duten esperientzia ezagutuko dugu.
Hain zuzen ere, 2009an Europan barrena egindako bidaia aurkeztuko dute. 2 bizikleta, 2 hilabete, 2.000 kilometro 2 haurrekin. Alemania eta Herbeherak, Rhin ibaia, Danubio ibaia edo Ipar Itsasoa bezalako espazio naturaletan eta Estrasburgo, Munich edo Amsterdam bezalako hiriguneetan murgilduko dira proiekzio hau ikustera hurbiltzen direnek.
Era berean, bizikletazaleen ikuspegitik, mugikortasuna sustatzeko zenbait adibide europar eta haurrekin bizikletaz bidaiatu ahal izateko hainbat truku ematen dituzte.
Inondik ere bizi-esperientziarik garrantzizkoenetakoa, Mikel Bringas eta haren emazte Rosak bizikletazko bidaien bitakorari gaineratzeko bizipena, oraingo honetan haien semeekin batera.
Honetaz gain, Ipar gazia, Hego gozoa dokumentaleko protagonista bat egongo da aretoan bertan, Miguel Bringas eta proiekzioaren ostean, galderak egiteko aukera izango dute hitzaldi-aretora hurbitzen diren herritarrek.
Haurrek gozatzeko
Bestalde, irailaren 24an, ostirala arratsaldean herriko guraso, haur eta gaztetxoek txirrindaz gozatzeko aukera izango dute, Andatza plazan, Artelatzek antolatutako hainbat ekimenekin.
Lehenengo ekintza, ohiko bihurtu den, Haurren III. Bizikleta-martxa izango da.
Bi txanda desberdinetan parte hartu ahalko da martxa honetan, 16:00etan, etxeko txikiei emango zaie irteera eta ordu erdi geroago, gazteen eta helduen txanda izango da.
Era guztietako zikloturistentzako moldatutako ibilbide izango da, Andatza Plazatik abiatu, herriko kaleetatik barrena eta Andatza plazara bueltatuko dira, eta begirale baten laguntzaz egingo da martxa hau.
Honen ostean, herriko txikienek gozatzen jarraitzeko aukera izango dute Andatza plazan bertan.
Izan ere, 17:00etatik 19:30era arte, bizikletarekin jolasak egingo dira eta gymkhanan bere trebezia erakutsi ahalko dute nahi duten gaztetxoek.
Autorik gabeko eguna
Hau guztiaz gain, irailaren 22an, Autorik gabeko eguna ospatuko da.
Aurreko urteetan, Lasarte-Oriako erdigunea itxi egiten zen, gure kaleetatik autorik igaro ez zedin eta oinezkoentzako gune gehiago egon zitezen. Aurten, ordea, ezingo da ekimen hau aurrera eraman.
Ingurumena, Kontsumo, Merkataritza eta Osasun Departamentuatik azaldu digutenez, “egun martxan dauden lanek, gure herriak duen ordenazio eta mugikortasuna hankaz gora jartzen ditu leku faltagatik. Horregatik autorik gabeko egunak duen oinezkoen aldeko aldarrikapena galtzen dela uste dugu.”
“Herriko oinezkoek eta gidariek lan hauek, hala nola, Udalak edo Foru Aldundiak egindakoak, onartu dituzte pazientziaz eta ez litzateke eraginkorra izango erdiguneko kaleak ixtea,” gaineratzen dute.
Honetaz gain, Lasarte-Oriak izan duen bilakaera azpimarratzen dute, “oinezkoentzako kaleak ugaritu dira gure herrian, erdiguneko hainbat kale oinezkoentzat dira dagoeneko, Goikale, Bekoerrota eta laster Okendo.”
“Beraz, erdigunea oinezkoei uzteak bere zentzua galtzen du,” adierazi dute.