Yoga Eskolak hasi du ikasturtea

jon-altuna 2010eko irailaren 16a

Aste honetan Yogari buruzko zenbait hitzaldi eta dokumental emanaldia antolatu ditu Lasarte-Oriako Sanatana Dharma Yoga Eskolak ikasturte berriari hasiera emateko. Kanpotik etorritako adituak aritu dira astelehenean hasi eta egunero besteak beste ipuinen interpretazioari edo espiritualitateari buruz. Bestalde, asteazkenean “Yogaren negozioa” izeneko dokumentala ikusi eta eztabaidatu zuten. Gaur, ostirala, bukatzeko 19:00tan "Berezitasunaren zientzia" gaiaren inguruan arituko da Brihaspati. Bestalde, astelehenetik aurrera ordu berean hasi berrientzat ikastaro teoriko eta praktikoa eskainiko da. Urtean zehar iluntzero zabalik dago eskola eta goiz batzuetan ere bai.

Urtean zehar hainbat ikastaro, yoga saioak, meditazioak eta garapen pertsonala lantzen dituen Lasarte-Oriako Yoga eskolak urtero, ikasturteari hasiera berezia ematen dio Yogaren ñabardura ezberdinak hitzaldi eta dokumentalen bidez aztertuz.
Astelehenean hasi zen hitzaldi sorta eta egunero 30 lagun inguru izan da Sanatana Dharma eskolak Zumaburun duen lokalean. Lehenengo egunean, irailaren 13an hitzaldiaren aurretik taldekako meditazioa egin eta Mantrak kantatu zituzten. Buruan etengabe dabilzkigun pentsamenduetatik askatzeko tresnak omen dira mantrak, eta horretarako errepikatzen edo errezitatzen den soinu edo esaldia erabiltzen dute.
Ipuinen eredua

Ondoren lehen hitzaldia eman zuen Iruñeako Eskolako Akarpanik, Ipuin klasikoen interpretazioari buruz. Hainbat ipuin eta kondairen errepasoa egin zuen hauek interpretatzen nola ikasi duen azaldu eta azkenik Hiru Txerritxoen ipuinarekin borobiltzeko.
Akarpanik azaldu zuenez urtetan jasotako Yoga ikaspenei esker, ipuinetan hainbat ezaugarri eta irudi errepikatzen direla konturatu da eta berak nola ulertzen dituen azaldu zuen. "Ipuinek, batez ere klasikoek, eredu bati eusten diote belaunaldiz belaunaldi. Ipuinak, liburu asko,... gauza berberaz ari dira. Gizakiak lan egin behar du bizitzan zehar duen zeregina ulertzeko, eta hori askotan ipuinetan ageri da, esan zuen nafarrak.
Hiru Txerritxoen ipuina ulertzeko modu berezia du, izakiak bere bizitzako tarte batean gainditu beharreko hiru oztopoz ari da, bere ustez: “Hiru txerritxoak, egin beharreko ahaleginaren irudia dira, otsoa sufrimendua da, eta, otsoaz defenditzen dituen etxeak, bakoitzak eraiki behar duen barruko etxea sufrimendu horri aurre egiteko".
7-8 urte darama Akarpanik Yoga egiten Iruñean, eta bere iritziz "beste ikuspegi bat ematen dizu Yogak, nolabait esateko iluntasun une batean zaudenean; ez da makila magikoa, ez dizkizu arazoak konponduko, baina tresna bat da zuk arazoei aurre egiteko".
Zer da Yoga?

Asteartean Alfredo Iglesias, Druva, jakitunaren hitzaldia jarraitu zuten Sanatana Dharma eskolara hurbildu zirenek. 28 urte darama Yoga eginez eta bere esperientziatik abiatuta Yoga zer den eta zer ez den azaltzen saiatu zen.
Bere ustez, Yogaren bidez norberak benetan bera nor den ezagutzeko aukera du. "Ordura arte, uste nuen banekiela nor nintzen, baina ez. Beraz nortasuna prestatu egin behar da horretara iristeko. Yoga teknika guztiak nortasuna prestatzera bideraturik daude, hau da, barruan integratu eta isildu dadila, ez dezala ezer azaldu, barruko ni sakonak hitz egin dezan. Gorputza, emozioak, adimen eta pentsamendua garela uste izan dugu, hori badugu baina ez gara hori. Horiek erlaxazio teknika, arnasketa eta kontzentrazioaren bidez isiltzen diren heinean barrukoa ateratzen da berez, modu natural batean. Denok lortu dezakegu, kontua praktikatzen hastea da" esan zigun hitzaldia hasi aurretik.
Druvaren ustez, "bizitzan denok ari gara zerbaiten bila, eta gure ikuspegiaren arabera, oro har, bide okerretik abiatzen du jendeak bilaketa. Gauzak, jakituria, pertsonak... ezagutu eta berenganatzearekin lotzen da zoriontasuna, kanpoko gauzekin betetzen dugu barnea, alegia; hau guztia ondo egon daiteke baina benetako zoriontasuna ni sakon horretan dagoela jakin gabe egiten da".
Asteazkenean "Yoga eta negozioa" izan zen eztabaidarako gaia: dokumental bat eman zen aurrena eta ondoren bildutakoek beren iritzia. Izan ere, aspalditik datorren jardun espirituala, toki batzuetan, AEBetan batez ere, milioi euro asko mugitzen dituen "negozio" bihurtzen ari da, jarraitzaile asko dituzten maisu batzuek badira, batzuk besteekin lehian, eta denetarik saltzen dute, arropa, liburu, web,... Ekialdetik datorren yogaren izpiritua mendebaldean aldatu ote den eta bide okerra hartu ote duen aztertu zuten.
Ostegunean bertako Vashista jakitunak “Espiritualitatea eta Erlijioa” gaia jorratu zuen eta gaur amaituko da hitzaldi sorta arratsaldeko 19:00etan "Berezitasunaren zientzia" Brihaspati-ren hitzaldiarekin.
Hasiberrientzat ikastaroa

Behin hitzaldi sorta amaituta ikasturtea hasteko datorren astean, hasiberriei zuzendutako ikastaroa antolatu dute Lasarte-Oriako Yoga eskolan. 50 euroren truke, saio teoriko eta praktikoak eskainiko dira irailaren 20tik 29ra bitartean arratsaldeko 19:00-20:30 bitartean. Interesatuek 685 773 081 telefono zenbakira deitu dezakete.
Eta urriaren 4tik aurrera hasiko dira Hatha Yoga saioak astelehen eta asteazkenetan 18:00-19:30 bitartean; astearte eta ostegunetan 10:30-12:00, 19:00-20:30 eta 20:30-22:00 bitartean; Meditazioa eta Mantrak astelehenetan 19:30 eta 20:30 bitartean; Garapen Pertsonala Taldean asteazkenetan 19:30-21:30 bitartean. Hau urriaren 6an hasiko da eta irailaren 30a baino lehen eman behar da izena. Norberaren mugak ezagutu eta gaindituz, pertsona bezala garatzen erakusten da batez ere esperientzian oinarrituta.