Kukuka iritsi da herrira

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 17a

Orain dela 8 urte Landaberri Antzerki Eskola bezala sortu zena, Kukuka antzerki eta dantza eskola da orain.
Bederatzigarren urte muga betetzear dagoela, opari gisa taldearen eraberritzea eman da eta hemendik aurrera, izaera juridikoa eta antolakuntza berria du antzerki eta dantza eskolak.
Ia 50 talde eta 500 ikaslek osatzen duten eskolak, sendotasuna eta herri izaera hartu du. “Poliki-poliki jaiotako antzerki eta dantzaren mundu hau, hazten eta hezten joan da, egun errealitate handi bat osatuz,” azaldu digute arduradunek.
Antzerki eta dantza mugimendua sendotzen joan da, herrian zabalduz “modu berezi batean lortu dugu bai antzerkia eta bai dantza sentiaraztea,” azaldu digute.
Landaberri ikastolan oinarri sendo bat eratu da, eta aurreko urtean Sasoeta-Zumaburun eta Añorgako Amasorrain ikastolan taldeak sortu ziren, baita Solaskide talde bat ere. Aurten, institutura ere zabalduko da eskaintza.
Eskolak hartu duen dimentsioaren ondorioz, “egitura juridiko eta antolakuntza moldatu behar izan ditugu. Eta estatutuak egin eta erregistratzerako orduan, izen berria eman behar izan diogu,” gaineratu digute.

Nondik dator izena?

Kukuka izan da herriko antzerki eta dantza eskolarentzat erabaki den izena.
“Kuku egitea polita iruditzen zitzaigun. Kuku egitea kantatzea eta jolastea da, beraz, hauekin lotutako izen bat da,” azaltzen digute “gainera kuku eginez aritzen gara, izen jostalaria eta kantaria da, gure eskolak izan nahi duena,” gaineratu dute.
Izen berezia, beraz, baina gozamenarekin eta jolasarekin lotzen dutena.

Antzezle edo dantzari izan

Ikasturteari hasiera eman baino lehen, izena emateko epea dago. Dantza garaikidean edota antzerki munduan trebatu nahi baduzu orain duzu aukera.
Urtero bezala, etxeko txikienentzako eskaintza guraso elkarteen bidez jakin araziko da Landaberri ikastolan, Sasoeta-Zumaburu ikastetxean eta, aurten, baita institutuan ere.
Eskolaz kanpo, batxilergoa bukatu duten gazteek eta helduek ere bere lekua izango dute “gazteak arratsaldez, goizez ikasten dutelako eta helduak, goizez zein arra- tsaldez.”
Ordutegia markatu gabe dago, “nahiago dugu jendeak izena eman eta libre dituen egunak esatea, gero taldeak antolatzeko.”
Izena eman nahi dutenek bi aukera dituzte, hilaren 22an eta 23an, asteazkenen eta ostegunean, arratsaldeko 18:00etatik 20:00ak bitartean kulturetxera hurbildu eta irakasleei informazioa eskatu edo bestela honako telefono zenbakira deitu, 655 847 345.
Helduen ikastaroen prezioa 20 eurotako da hilabetero eta gazteena berriz, 15 eurotakoa.