Udalaren kirol eskaintza zabala

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 19a

Lasarte-Oriako kirol zerbitzuak 2010-2011 ikasturterako Udal kirol eskaintza aurkeztu du. Adin guztietarako aukera zabala dago urriaren 1an hasi eta ekainera arte iraungo duten ikastaroen artean.

Helduen eskaintza

Mantenimenduko gimnasia, egokitze fisikoa, banakako entrenamenduak, mantenimenduko igeriketa, aerobika, indoor txirrindularitza, pilates, igerian ikastea, body-pump, GAH (Gluteoak, abdominalak eta hankak) eta txirrindularitza, aquaerobika edo igeriketa gidatua ditugu helduentzako jarduerak.
Ikastaro hauek guztiak astean zehar egingo dira eta herritaren bermerako kirol bakoitzeko ordutegi anitzak egongo dira.

Kirolen sustapena

Honetaz gain, herritarren artean kirola sustatzeko, hurrengo larunbatetan hainbat kiroletako erakusketak egongo dira eta hauetan parte hartu daiteke.
Hurrengo larunbatean, irailak 25, indoor master txirrindularitza, mantenimenduko gimnasia eta aquaerobika; urriaren 2an, aerobika, igeriketa gidatua, GAH eta body pump eta urriaren 9an, GAH eta txirrindularitza, indoor txirrindularitza eta pilates maila aurreratuan.

Haurren eskaintza

Gaztetxo eta haurrentzako jarduerei dagokienez, kirol ludoteka, txikientzat ur-ludoteka, 6-24 hilabete bitarteko haurtxoentzako ur jarduerak, igerian ikastea eta 1999-2000 urteetan jaiotakoentzat kirol jardueren sustapena dira dauden aukerak.

Izena emateko epea

Kirol jarduera desberdinetan izena emate epea ireki du Kirol Zerbitzuak.
Jarduera gehienen talde kide kopurua mugatua da, beraz, plazak libre dauden bitartean izena emateko epea irekita egongo da. Bestalde, taldeak osatu diren edo ez jakiteko azken eguna irailak 24a izango da.
Jarduerei buruzko informazio gehiago eskuratu nahiez gero kirol zerbitzuak kiroldegian duen bulegora 10:00etatik 12:30etara edo 17:00etatik 19:00etara gerturatu edo 943 376 182 telefonora deitzea daukazue.