Hasi da Judoko denboraldia

jon-altuna 2010eko irailaren 20a

Gorka Aristegik 26 urte daramatza judoko entrenatzaile eta urtero 60-70 lagun aritzen dira bere esanetara tatamian. Prestatzailearen filosofia argia da, "helburu nagusia pertsonak egitea da, euren nortasuna finkatzeko orduan judoa lagungarri izan dadila alegia". Sanbo eta borrokan Españako txapeldun izandako Amaia Curiel lasarteoriatarra Murtziara doa aurten Errendimendu Handiko Eskola batetara.

Oinetakoak erantzi, judoko arropak jantzi eta tatamian jarduten dute astean bi edo hiru aldiz. Judokak dira. Piskanaka, teknikak ikasi ahala kolore ezberdinetako gerrikoak lortzen dituzte. Beltza da preziatua, eta bost Dan lortu eta gero, seigarren Dan-arekin lortzen da goreneko gerrikoa, txuri gorria. Amaia Curiel-ek 16 urterekin eskuratu du gerriko beltza eta bigarren Dan-a lortzeko puntuak baditu, beraz hurrengo urtean jasoko du.
Herriko beste judokek ere ikasturte berria hasi zuten irailaren 6an; astelehen, asteazken eta ostiralero elkartzen dira judoan aritzeko. Gero maila ezberdinetako txapelketak hasten direnean prestaketa fisikoa aparte egiten dute astearte eta ostegunetan.
Gorka Aristegi entrenatzaileak adierazi digunez, zazpi urterekin hasten dira haurrak judoan, hauek astelehen eta ostiraletan, 18:30tik 19:30etara aritzen dira, eta besteak, 11 urtetik gorakoak, handiekin batera, hiru egunetan. "Urtero egoten dira baja eta altak, baina, 60-70 inguru dira urtero" kontatu digu pozik Gorka Aristegik. Zazpi urte ditu aurten ere gazteenak eta Gorkak esan digunez, nagusiagoak izan badituzte ere zaharrenak berrogei inguru. Denak ez dira txapelketetan aritzen. "Horiek kadete mailatik gorakoak dira, 15-16 urtetik gora, senior pare bat, beste junior pare bat eta neska pare bat oso onak. Kadeteak ere ondo dabiltza eta beraz, dozena bat edo maila onean ari dira. Pozik gaude".
Guztien artean bat nabarmentzekotan, Beñat Elizalde aipatzen du Aristegik: "Gure kapitaina da, asko laguntzen dit. Gazteagoek errespetu edo begirunea diote. Betidanik ari da hemen eta denoi laguntzen digu. Seniorra, 23 urte ditu, ondoen dabilena da. Bere anaia Iñaki ere oso ondo dabil txapelketa handietan. Amaia eta Leire Zubizarreta neskak ere bai".
Dena den, Gorka Aristegik emaitzei baino bere ikasleen garapenari begiratzen die. Zera adierazi digu: "Nire helburu nagusiena, poetikoa badirudi ere, pertsonak egitea da, eurak pertsona onak izatea, hori hartzen dut helburu bezala, hau beraientzat zerbait lagungarria izatea, beren nortasuna finkatzean lagungarri izan dadila. Hau lehenengo. Eta gero emaitza aldetik, batzuen helburua Españako txapelketara iristea da eta horretarako Gipuzkoa, Euskadi eta Sektoretik pasa behar dira. Ez da batere erraza, baina, Beñat han egon beharko litzateke, bere anaia Iñaki 23 urtetik beherakoetan, Amaia eta Leire neskak, Esteban Martinez juniorretan eta lau kadete ere bai. Infantilekin lasaiago ari gara, hor daude, konpetitzen dute, baina helburua kadetetatik aurrera fuerteago edo serioago lehiatzea da. 16 urtera arte ez dira gimnasioan aritzen, ez dute pisu eta horrelakorik ukitzen. Uztaiekin aritzen dira".

Judoa, borroka eta sanboa

Judoaz aparte borroka olinpikoa eta sanboa ere egiten dituzte: "Guretzako bigarren mailakoak dira, judokak gara baina aukera hori hor dago. Hemen, Euskadi mailan oso gutxik egiten dute eta guri bidaiatzeko aukera ematen digu. Entrenamendu gisara".
Emaitza hobeak lortu dituzte diziplina hauetan, borrokan eta sanboan. Maila ona dute lasarte-oriatarrek, prestatuta daude eta dominak lortu dituzte, urrezkoak ere bai.
Gorka Aristegi 14 urterekin hasi zen judoan eta segituan klaseak ematen. "Aurten 26. denboraldia izango da. 15 urterekin laguntzaile hasi eta berehala Michelineko klaseak hartu nituen, beste irakasleak beste lan bat zeukalako. Berandu hasi nintzen, baina hori bakarrik egiten nuenez, egunero institututik entrenatzera joan, bostetan bazkaldu eta berriro lanera, urte betean lortu nuen gerriko beltza. Eta hortik aurrera irakasle