Amaia Curiel judoka ostiralean joan zen Murtziara Errendimendu Handiko Zentro batetara urte beterako. Han egingo ditu DBH ikasketak Borroka Olinpikoarekin batera. Gorka Aristegi bere entrenatzaileak azaldu digunez, euren asmoa lehenengo eta behin bizi-esperientzia bat eskaintzea da: "behar du gurasoengandik aparte heldutasun maila lortzeko".
Ze adin daukazu eta zenbat urte daramatzazu judoan?
16 urte ditut, 17 egingo ditut azaroan. Judoan laugarren mailan hasi nintzen. Orain dela zazpi bat urte, 9 urterekin.
Nire anaia gazteagoa ari zen judoan eta etxean ikasitakoak esplikatzen zituen, hau eta beste,... Nik dantzan ez nuen ezer hain konplikatua ikasten, beraz, hasi egin nintzen eta hemen jarraitzen dut.
Gustura ari zara?
Bai, oso gustura.
Urrezko zenbat domina dituzu etxean?
Judokoak bat ere ez. Sanbon lehenengoa lortu dut eta borrokan hiru. Judoan Españako hirugarrena gelditu nintzen urte batean, beste batean zazpigarren. Sanboan ere bigarren postua lortu nuen.
Emaitza onena judokoa dela esango zenuke?
Bai, baina borroka modalitatean hasi ginen probatzeko eta jada Españako txapelduna izatea, uf, ezustekoa izan zen...
Nola sortu zen Murtziako kirol zentrora joateko aukera?
Txapelketa batean beste kide batek esan zidan bera bazihoala, eta haren entrenatzaileak komentatu zidan ea nik joan nahi nuen, aukera ona zela eta azkenean animatu naiz.
Kirola eta ikasketak uztartuko dituzu beraz?
Bai, borroka olinpikoa egingo dugu han eta ikasketak ere bai. Ahal dudanean tartetxo bat hartuko dut Lasartera etortzeko, lagunak ikustera.
Judorako ondo etorriko al da?
Bai, han teknika ere lantzen delako eta teknikak judoan asko laguntzen du.
Zenbat denborarako zoaz?
Oraingoz urte beterako. Gero suertea baldin badut eta borrokan emaitza onak lortzen baditut, beka onartuko didate eta jarraitzeko aukera izango dut.
Ilusio eta gogoz al zoaz?
Bai.
Astean hiru aldiz entrenatzen duzu, han gogorragoa izango da?
Bai, esan didate oso fuerte entrenatzen dela, baita gimnasioan arlo fisikoa ere.