Informatika, hizkuntzak, artearen historia... ikasteko aukera aunitz eta zabala eskuragarri dago Lasarte-Oriako HHIko zentroan. Hogei urte baino gehiago daramate herriko helduak hezitzen. Zumaburuko ikastetxeko eraikinean egon dira orain arte, baina aurten erdigunera egingo dute aldaketa. Guzti honetaz hitz egiteko bildu gara zuzendaritza taldearekin.
Ze ikasketa mota aurkitu ditzakegu zuenean?
Alde batetik gure zentroak hezkuntza arautua eta arautu gabea eskaintzen du. Arautuan DBHko titulua eskuratzeko aukera dago eta Unibertsitaterako sarrera froga prestatzeko laguntza eskaintzen da. Ez arautuan ikastaro ugari eta anitz ditugu.
Zehatzago, zeintzuk dira ikastaro horiek?
Informatika, euskara, ingelesa, frantsesa, gaztelania atzerritarrentzat, sukaldaritza, arte ikastaroa. Azken honetan, Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Donostiara egiten ditugu txangoak. Tertulia literarioa, irakurtzen eta idazten ikasi, zine historikoa eta Gure bazterrak.
Zer lantzen da Gure Bazterrak ikastaroan?
Hemengo inguruko biotopo ezberdinak ezagutzeko aukera proposatzen dugu. Eta guzti hori natura aldetik, historikoki, sozialki... Kurtso honen mamiak txangoak dira. Lehenengo klasean bisitatuko dugun eremua lantzen dugu zerbait ezagutzeko, baina gero lekuan bertan sakontzen eta ikasten da.
Ze leku bisitatu zenituzten?
Pasa den urtean adibidez, udazken sasoian Aralarren mendi buelta eman genuen. Txingudiko paduretan ere ibili ginen, Zumaiko flishean, Anboton eta asteburuko txango batean Piriniotara egin genuen. Bertan Arbaungo arroila, San Juan de la Peña ezagutzeaz gain, erraketetaz baliatuz elurtuta zegoen parajean ibili ginen.
Zeintzuk dira ikastaro arrakastatsuenak?
Informatika, Gure Bazterrak, artearen historia... Jende asko ere DBHko titulua ateratzeko hurbiltzen da.
Ze lantzen da informatikan?
Informatika ikastaroan mundu honen hasierak erakusten dira. Maila ezberdinak daude gustukua izan dutenek, hurrengo urtean jarraitu ahal izateko.
Hasieran, kurtsoarekin hasi ginenean irizpide batzuk jarraitu genituen. Orduan, lehenengo lauhilekoan sistema operatiboak lantzen genituen, gero word, gero excell... egun irizpideak erabat aldatu ditugu, ikasleen interesetara mugatuz. E-mailak bidaltzen erakusten diegu, interneten nabigatzen, blog-ak egiten, argazkiak antolatzen, power point-ak eginez...
Ikastaroen ordutegia?
Goizez eta arratsaldez dira. 20:30erako amaitu behar dira klaseak. Ordutegiak ikasleen arabera antolatzen dira, beti ere gela eta irakasleen ahalmenaren arabera.
Zein adin tartea da nagusi?
18 eta 80tik gorako ikasleak ditugu gure artean. DBHko titulua ateratzera etortzen den ikaslegoa nahiko gaztea da, baina informatikako ikastarotan helduagoak dira. Hala ere, geletan nahasturik daude.
Ikastaro hauek ere oso onak dira gaitasunak ez galtzeko. Burua lantzen da, trebetasuna hartu eta osasuna landu ariketa fisikoaren bitartez. Gainera, besteekin erlazionatzeko ere oso bide ona da.
Aurtengo berrikuntza eraikin berria izango da.
Hori da. Baina momentuz ez dakigu ziur noiz joango garen eraikin berrira. Udaletxetik urrian han egongo ginela esan ziguten, hala ere, oraindik ezin dugu datarik zehaztu. Lekua bai, erdigunera egingo dugu salto, anbulatorio berriko azken pisua guretzako izango da.
Lotsatuta eta dudatan dagoen jendeari zer esango zenioke, nola animatuko zenuke?
Askotan esaten bada ere, inoiz ez da berandu ikasten hasteko. Beti aukera dugu zeozertan hasteko. Gainera, formakuntza akademikoaz gain, adiskidetasuna ere lantzen da hemen. Horretarako jai ezberdinak antolatzen ditugu; Santo Tomas, liburuaren eguna, literatur lehiaketa, emakumearen eguna, bukaera ko jaia... ondo pasatzen da.
Ah! Gogoratu nahi dugu etorkinak ere lekua dutela. Erderazko klaseak ematen ditugu. Baina beste kurtso guztietan ere tokia dute.
Sortzen diren harreman horien isla Lan eta Lan da.
Hori da. Lan eta Lan ikasle eta ikasle ohiek sortutako elkartea da. Gure ikastaroetatik pasatu direnek sortutakoa. Antzerki talde oso ona daukate, eta honetaz gain beste ikastaro batzuk egiten dituzte. Gainera, eraikin berrira goazenean gurekin etorriko dira.
Matrikulazio epea ireki da, noiz arte egongo da apuntatzeko aukera?
Iraila amaitu arte aukera egongo da, goizez eta arratsaldez.
Goizetan 9etatik 13ak arte, eta arratsaldetan 4etatik 7ak arte. Ostiraletan goizez bakarrik egongo gara.
Gogoratu DBH eta Unibertsitate sarbiderako matrikulazio epea irailaren 16an amaitu zela.