Ludotekan lagunartean jolasean

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 20a

Lasarte-Orian umeen aisia euskalduna bultzatzeko helburuarekin jaio zen [i]Amaraun[/i] Ludoteka. Jolas egiteko gunea da, umeei dibertsioa eskainiz. Elkarbizitza bultzatzeaz gain aisialdiko jolasaren bitartez haurraren garapena lantzea da helburua, beti ere, euskararen erabilera eta ezagutza bultzatuz. Jolasteaz gain, lagunekin biltzeko aukera eskaintzen du, lagunarteko jolasa sustatuz

Jolasa, haurren garapenerako ezinbesteko baliabide naturala da; eta jostailua aldiz, jolas egiteko tresna. Jolasaren bidez helduen mundura hurbiltzen dira, euren arteko elkar harremanak landuz, gaitasun fisiko nahiz psikikoak garatuz eta inguruaren ezagutzan sakonduz. Amaraun Ludoteka helburu horrekin jaio zen herrian eta horri jarraituz mantendu da. Aurten ere, ateak irekitzeko ordua iritsi da. Ikasturte berriarekin, aurpegi berriak ezagutzeko gogoekin.

Programazio berezia

Amaraun Ludotekan 2-8 urte bitarteko gaztetxoek dute parte hartzeko aukera. Bi programazio ezberdin prestatu dituzte arduradunek; alde batetik 2-4 urte bitartekoentzat eta beste bat, 5-8 urte dituztenentzat.

Errepikapenez ikasiz

2 eta 4 urte bitarteko haurrek “gauzak errepikapenaren eta imitazioaren bitartez ikasi, barneratu eta osatzen dituzte” azaldu digute arduradunek. Helduak dira euren erreferente “eta oso markatua gainera”, horregatik programa egiterakoan oso kontuan eduki dute.
Duela urte pare bat etxe erraldoi bat jarri zuten ludotekan; sukaldea, logela, liburutegia eta garajea bihurtzen den ileapaindegi batekin; etxearen txoko ezberdinak “nolabait errealitate eta egunerokotasun horretan ematen diren momentuan errepikatzeko aukera eskainiz”.
Jolasetan oinarritzen da beraz txikienentzako programazioa, baina eskulanak eta tailer ezberdinak, sukaldaritzak adibidez ere bere lekua du.

Jakin-min handia

5 eta 8 urte bitarteko haurrak “mugituagoak dira, jakin-min handiagoa dute eta horri erantzuna ematen saiatu behar gara programazioa lantzen dugunean”. Eginkizun berrietan hasten dira, kirolean adibidez. Kirola neurriz praktikatzea gomendagarria da garapen fisiko eta mentalerako, diziplina eta talde lana eta esfortzuaren garrantzia bezalako balioak sustatzeko. Baina argi “gu ez garela kirol teknikariak, aisiarako begiraleak gara”. Osagai lehiakorrak mugatu behar dira “haurrei kirola jarduera ludiko gisa erakutsiz” diote arduradunek. Kirolei beste dimentsio bat ematen diete, “futbolean, saskibaloian aritzen bagara, joko erraldoi batean bihurtzen dugu adibidez”.
Garapen prozesuan aurrera eginez “dinamismoa multijolasaren bitartez eskaini eta esperientzia berriak bizitzeko aukera ematen diegu”. Jolasaren bitartez eskulan eta tailer ezberdinak ere eskaintzen dira; egurrezko tailerra, eskaiola, kamiseten diseinua... lantzen dira “material berria eta desberdina erabiliz”. Gainera gaitasun desberdinak garatzeko “bertsoak, txalaparta, txotxongilo, landaretza tailerrak ere antolatzen ditugu”.
Adin tarte hauetakoak tailer eta jolasetan oinarrituko dira beraz. Eta hiru hilero asteburu pasa bat izango dute “iaz probatu genuen lehenengo aldiz eta emaitza oso positiboa izan zen”.

Elkarrekin jolasean

Ludotekaren hastapenetan bi adin tarteak aldenduak ibiltzen ziren, baina orain dela 2-3 urte espazio berdinean jolasean aritzea pentsatu zuten. Esperientzia positiboa izan zen "konprobatu genuen espazioa konpartitu zezaketela, txikienentzako handiak erreferente bat dira". Askotan begiratu baino ez diete egiten "azken finean gure garaian plazan egiten genuena, handienekin jolastu edo euren jolasak errepikatu" diote arduradunek.
Garai batean, umeak parkean lagunartean “jorratzen genituen ekintzak Amaraun ludotekan egiten ditugu”.

Euskara oinarri

Ludotekaren helburua aisia euskalduna bultzatzea da “euskara helburu eta bitartekari izanik eta aisiako metodologia erabiliz” azaltzen digute. Metodologia honetan, haurrak, gazteak eta gurasoak hartzen dira kontuan, “baina adin-talde bakoitza modu autonomoan aztertu beharrean, guztiak batera landuz” gaineratu digute.
Urte ugari dira ludoteka martxan jarri zenetik “eta konturatu gara umeengan eragina dugula”.

Gurasoen garrantzia

Amaraun ludotekan umeez gain, gurasoek ere garrantzia handia dute "gauza asko beraiekin lantzen dira, hizkuntz ohituretan eragiteko euren papera ezinbestekoa da". Horretarako, hainbat ekitaldi; txotxongilo saioak, antzerkiak... antolatzen ditugu. Artisautza eta euskal kultur tailerrak ere antolatzen ditugu ume eta gurasoak elkarrekin aisiaz disfrutatu dezaten.

Matrikulazioa

Hilaren 22an, asteazkenean hasiko da matrikulazio epea. Informazioa www.ttakun.com web orrialdean, Ttakuneko bulegoan, Amaraun Ludotekan edota 943 371 448 telefono zenbakira deituta eskuratu daiteke. Gainera gogoratu, inskripzioa egin baino lehen “umeak inongo konpromisorik gabe ludoteka ezagutu, probatu dezaketela”.