Jose Luis Elkororen aldeko martxa

Txintxarri 2010eko irailaren 23a

Larunbat eguerdian pasatuko da Lasartetik Jose Luis Elkoro askatzeko eskatzen duen martxa. Bergarako alkate ohia kartzelan dago 2009ko maiatzetik EGIN egunkaria argitaratzen zuen ORAIN enpresako arduradun izateagatik. 24 urteko kartzela zigorra jarri zion Entzutegi Nazionalak eta Gorenak 21 urtera jaitsi. 16 hilabete iraun zuen epaiketan irregulartasunak salatu zituzten nazioarteko juristek, Gorenak gerora aitortu zuen Egin ixteko erabakian okerrak izan zirela, baina ez du atzera bueltarik izan. Zuzendaria, zuzendari ordea eta Administrazio Kontseiluko beste 9 kide kartzelan daude ordutik.
Injustizia horren aurrean Bergarako herria altxatu egin da. 1979tik Udalean izan diren alderdietako kideak elkartu dira, PPkoak izan ezik, urte hauetan alkate izandakoek bat egin dute eskaerarekin eta Jose Luis Elkoro libre plataformak hainbat ekimen bultzatu ditu. Azkena kirol elkarteak, irailak 25ean, larunbata, Hondarribi eta Bergara artean burutuko duen kirol martxa: 150 km. egingo dituzte, txirrindulari, korrikalari, igerilari, arraunlari, eta piraguistek txandaka Jose Luis Elkororen askatasuna irudikatzen duen lekukoarekin.
Goizeko 9etan aterako da Hondarribitik; Pasai Donibanera txalupan eramango da; San Pedrora igerian; 10:45ean Martuteneko kartzela kanpoan txalaparta joko diote Elkorori; EGINeko langile ohiek eramango dute lekukoa Hernanin 11:00etan; ondoren kostako bidetik Lekeitioraino abiatuko da bizikletaz eta handik Elgeta, Antzuola eta Bergarara, Elkororen jaioterrira, lantokira eta bizi den herrira. Bidean, Zarautzen ikurrina bat aireratuko dute bertako Imanol Murua alkate ohiak eta Elkorok alkateen mugimenduan eta ikurriñaren legalizazioan egindako lana gogoratuz eta Lekeition, gerra zikinaren aurkako mezu bat botako da itsasora botila batean. Nahi duenak parte hartu dezake ekimenean, Martutenetik bizikletaz egingo da martxa Zarautzeraino eta Hernanin 11:00tan oinez Zinkoeneatik Udaletxera.

Jon Altuna