Euskaraz mintzatzeko aukera

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 23a

Lasarte-Oriaren euskalduntze prozesua azken urteotan aurrera doala ezin da ukatu. Gero eta gehiago dira euskaraz bizitzeko aukerak ere. Hauetako bat Ttakun Kultur Elkarteak antolatzen duen solaskide programa da. Astero hainbat herritar elkartzen dira elkarrekin euskaraz jarduteko.

Solaskideren bidez euskararen erabilera sustatzen da "euskaldun zaharrak eta berriak bikoteka, zein taldeka bilduz eta euskaraz mintzatuz" azaltzen digute antolatzaileak. Gainera, euskaraz aritzeko aukera hau kafetxo bat hartuz, kirola eginez edo edozein ekintza egiten den bitartean gauzatu daiteke "beti ere solaskideen gustuen arabera antolatzeko aukera dago".
Askotan euskaran ez trebatzeko argudioak "ezjakintasuna, inertzia eta utzikeriak estalita agertzen zaizkigu". Eta hori argi esperimentatu dute solaskide programa azkenaldian izena eman dutenek.
Euskara ikastea eta euskaraz aritzea gauza ezberdinak dira. Askotan euskara jakin bai, baina beldurrak eta trebetasun faltak errazago egiten zaigun erdarara jotzeko ohitura dago. Horregatik, "gero eta aukera gehiago eman behar zaizkie gure hizkuntzan hasten diren horiei, beldurrak kendu eta euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten".
Hau guztia martxan jartzeko, hoberena lehendabizi "solaskide talde edo bikoteka momentu babestuetan aritzeko parada izatea" eta ondoren ia "bizitza errealean, normaltasun osoz aritzea".
Lasaitasunean aritu

Ordubetez euskaldun zahar bat behintzat egongo den talde batean aritzeko aukera ematen dizu solaskide programak "bai kafetxo bat hartzen, bai bueltatxo bat ematen, talde bakoitzak aukeratzen duen zer eginez arituko dira, beti euskaraz".
Hoberena, hizkuntza berria dugun horren erabilpenean lotsak alde batera uztea eta aritzea da. Lehendabizi babestuta "hurrengo pausua, bizitza errealera salto egin ahal izateko".
Eta hori burutu ahal izateko, hemen duzu Ttakun kultur elkarteak eskaintzen dizun eginkizuna.
Euskaran trebatzeko

Guzti hau gutxi ez balitz, gainera, zure solaskide taldeaz aparte, urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen dira; antzerkia, kantua, eskulanak, sukaldaritza, ikastaroak, festak, afariak... solaskide guztiak biltzen dituzten ekintzak. "Besteak ezagutzeaz gain, bizitzako hainbat esparruetan euskaraz aritzeko aukera eskainiz".
Euskaldun zaharrak

Hizkuntza bat jakitea aberasgarria da "baina besteei trebatzen laguntzea are gehiago" diote eta euskaldun zaharrei gonbidapena luzatu diete: "animatu eta parte hartu gurekin. Egin zaitez solaskide, esperientzia polita da".