Ipar hazi, hego geza

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 24a

Mugikortasunaren astea ospatzeko hainbat ekitaldi ospatu dira herrian. “Ipar hazi, hego geza” filmaren emanaldiarekin eman zitzaien hasiera antolatutako ekitaldiei: Familia batek Europan zehar bizikletan egindako bidaia erakutsi zen irudien bidez. Lehendabizi hiru minututako bideoa eta ondoren, 25 minutuko argazki muntaia. Gaur arratsaldeko 16:00tan hasita Andatza plazan bizikleta festa izango da.

Mikel eta Rosa senar-emazteak, Eki eta Lur seme alabekin Europan zehar egindako bidaia ikusi zen astelehenean Kultur Etxean, Lasarte-Oriako Mugikortasunaren Asteko egitarauaren barruan. Zikloturista familia honek, bi ume txikiekin, 2.000 kilometroko bidaia egin zuen pasa den urteko udaberrian. Europako hainbat tokitan izandako bizipen guztiak filmaren izenburu berberarekin argitaratu den liburuan ere jaso dituzte.
Irudiz jositako abentura

25 minututako ikusentzunezkoan Lur da protagonista, bere eskutik kontatzen da bidaia. Familiako kide txikienak kokatzen gaitu uneoro bidaia honetan: Strasbourg-etik atera, Alsacia, Rhin ibaia, Suitza, Alemania, Danubio ibaiaren sorkuntza, Ulm, Baviera, Ingalastd, Ragensburg, Deggendorf, Austria, Viena, Paris... zeharkatu eta etxera itzuliko dira. Bi hilabete izan ziren, abenturaz jositako bidaia.
Ez da bidai bakarra

Aipatutako bidaia ez da Europan zehar familia honek egin duen bidaia bakarra. Hori bai, lauak elkarrekin egin duten bakarra bada. Lehendabizi bikotea ibili zen Euskal Herria, Asia, Kuba... ezagutzen. Ondoren Eki hirugarren bidaiarian bihurtu zen, eta Europako bidaian Lurrek familia borobildu du. Azken bidaia honi edo aurrekoei buruzko informazio gehiago eta nondik norakoak jakin nahi izanez gero www.bizibidaia.net web orrialdea begiratu daiteke.
III. Bizikleta martxa

Bizikleta jostailu bat izateaz gain, ibilgailu bat ere bada eta Mugikortasun Astean, urtero bezala, bere lekua izango du. Bizikleta festa izango da gaur Andatza plazan: Arratsaldeko 16:00etan etxeko txikienek herrian barrena bizikleta martxaz disfrutatzeko aukera izango dute. Ordu erdi beranduago, gazteen eta helduen txanda izango dugu. Biak Andatza plazatik aterak dira. Bizikleta martxa eta gero, haurrentzako jolasak eta yinkana burutuko dira, hauek ere Andatza plazan.