Odol emari kopurua zertxobait igo bada ere, iaz baino 7 emari gehiago, datu horiek ez dira nahikoak eskaerei aurre egiteko.
2009ko abuztutik aurtengo abuztura 721emari izan dira Lasarte-Orian. Honek mila biztanleko eta urteko 40,39 emari egiten direla adierazten du. Eta iazko datuak hobetzen ditu, baina odol beharrei erantzuteko kopuruen ratioa 50a da eta, beraz, honen azpitik dago gure herria.
Kopuru hori lortzeko, bi edo hiru urtetan, 67 emari egin beharko lirateke odol ateratze eguneko; egun, 57 egiten dira.
Eta hori guztia lortzeko, 120 odol-emaile berri behar direla aipatu dute, “50 emaile berri behar dira, 3 urteetan jarraian.”
Krisia eta neurriak
Datu hauek kontuan izanik, odol emarien kopuruak mantendu dira, baina odol emateko gero eta traba gehiago daudela ohartarazten du ordezkaritzak.
Izan ere, bizi garen krisi egoera honek ere emarietan eragina izan duela aipatu digute, "langabeziak eta krisiak herritar batzuetan eragin latza izan du eta depresioak ugaritu dira. Hau sendatzeko, medikazioa hartzen badute, ezin dute odolik eman."
Honetaz gain, odol emaileek jasan behar dituzten neurri eta kontrolei egozten diete errua, "gero eta neurri eta kontrol zorrotzagoak daude ateratzeetan, edozein gaixotasunengatik kutsatua dagoen odola egon ez dadin."
Odol ateratzea astelehenean
Gainera, astelehen arratsaldean hilabeteko odol ateratzea egingo da Osasun Zentro berrian, 18:30etik 21:00etara.
Honela, ordezkaritzak herritarrak animatu nahi ditu batetik odol ematera eta bestetik, emaile berri izatera.