Guztia prest etxebizitzen zozketerako

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 24a

Lasarte-Oriako Udalak Goiegi Ibarreko Babes Ofizialeko 76 Etxebizitzen zozketa urriaren 1ean egingo dela jakin arazi du.
Alkateak eskainitako prentsaurrekoan, zozketaren nondik norakoak azaldu zituen, hala nola, 1.093 eskaera sartuko direla zozketan.
Eskaera horiei dagoeneko zenbakiak banatu zaizkie, “aleatorioki egin da eta zenbakiak jakiteko Udaletxera gerturatu edo Udalaren webgunean Kontsulta ezazu zure egoera atalean begiratu ditzakete” adierazi zuen.
Leku mugatua eta sarrera

Honetaz gain, zozketa Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan egingo dela aurreratu zuen, “Etxebidek kiroldegian egin zuenean gastu handia izan zelako, aulkiak, proiektorea, pantaila... gauza asko alokatu behar dira. “
Zozketa egingo den lekuaren edukiera mugatua denez, sarrerak egongo direla aipatu zuen Zaballos alkateak eta eskaerako pertsona bakarra sartu ahal izango dela, minusbaliatuak diren pertsonen kasuan izan ezik. Kasu horretan, laguntzaile bati ere emango zaio pasatzeko baimena.
Aurretik hartzea hobe

Zozketara sartzeko sarrera etxebizitza saileko bulegoetan eskuratu ahal izango da. “Egunean bertan ere, eskuragarri egongo dira kultur etxean, baina aurretik hartzea gomendatzen dut” adierazi du alkateak.
Etxebizitza eskatzailea bada, NANa erakutsi beharko du; eskatzailea zozketara ezin bada joan, beste norbait bidali dezake eta sarrera lortzeko eskatzailearen NANaren fotokopia eraman beharko du.
Orduak

Honela urriaren 1ean, 11:00etan, 3. Kupoa I. Taldearentzat , hau da, 35 urte baino gutxiagoko kide bateko edo bi kideko unitate familiarrentzat 31 etxebizitzaren zozketa egingo da.
Gainontzeko kupoen eta taldeen zozketa, 12:30an egingo da.
Honetan, beste bost zozketa egin eta 45 etxebizitza banatuko dira: lau, mugikortasun urriko kidea duten familientzat, beste lau, bost edo kide gehiago duten familientzat; zazpi, 35 urte baino gutxiagoko hiru eta lau kideko familientzat; hamabost, 35 urte baino gehiagoko kide bateko edo bikoentzat eta beste hamabost, 35 urte baino gehiagoko hiru eta lau kideko familientzat.
Zozketa eta onuradunak

Mahaian Udaleko notarioa, kontu-hartzailea, ondasuneko teknikoa eta informatikoa egongo dira, Jesus Zaballos alkatearekin batera.
Saio bakoitzaren hasieran, zozketa sistema azalduko da eta proba bat egingo da jendeak ongi uler dezan.
Zozketa egin eta onuradunak momentuan jakingo dira. Ordenagailuak zerrenda eman eta alkateak irakurriko ditu herritarren izenak.
Honetaz gain, zerrendak Kultur etxeko sarreran jarriko dira eta onuradunez gain, erreserbak ere agertuko direla gaineratu du alkateak, “eskatzaile guztiek bere egoera jakin dezaten”.
Era berean, bertara hurbildu ez direnek, urriaren 4an edo 5ean, bere egoera jakin ahal izango dute udaleko webgunearen bidez.
Etxebizitzak banatu

Hala ere, zozketan onuradunak direnak behin behineko esleipendunak dira.
“Etxebideri onuradunen datuak bidaliko dizkiogu eta honek datu horiek onestean etxebizitzak banatuko ditugu,” azaldu zuen Lasarte-Oriako alkateak.