Herriko autobusa proban

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 25a

Lasarte-Oriako auzo elkarteek urteak daramatzate eskaera egiten, Udalak herrian barrena ibiliko den autobusa jartzeko. Duela bi urteko mugikortasun astean, proba egin zen. Orduan, doan zen. Lau hilabetez, egongo den proba honetan, ordea, herritarrek ordaindu beharko dute, “zerbitzua martxan egongo balitz bezala.”

Gaur goizean, hiribusa jarri da martxan. Ostiralean, Jesus Zaballos alkateak, Martin Moreno Zerbitzu Publikoetako batzordeburuak eta Santiago Sarasola, TSSTko gerenteak zerbitzu berri honen nondik norakoak azaldu zizkiguten prentsa eta udaletxera hurbildu ziren auzo elkarteko ordezkariei.
Lasarte-Oriako auzo elkarteen etengabeko eskaerari erantzunez eta herritarren mugikortasuna eta garraio publikoaren eskaintza hobetu nahian hiribusa ezarri da gure herrian.
Hala ere, “krisia dela eta, Udalak eta auzo elkarteek zerbitzua proban jartzea erabaki genuen,” azaldu zuen Zaballos alkateak.
Era honetara, TSSTko mikrobusa lau hilabetez ibiliko da gure kaleetatik barrena. “Udalak eta auzo elkarteek hiru hilabete adostu genituen, baina TSSTk konpainiak epe hori handitu du beste hilabetez. Eta bere gain hartuko du gastu hori,” azpimarratu zuen alkateak.
Ordainketa

Proba hau zerbitzua martxan egongo balitz bezala egingo da beraz, “jendeak ordaindu behar du.”
Esku dirutan egiten duenak euro bat ordaindu beharko du; Lurraldebuseko txartela dutenek, berriz, txartelaren beherapenak izango dituzte, hau da, 0,73 euro ordainduko dituzte lehenengo berrogei bidaietan, zenbaki horretatik 70. bidaira, 36 zentimo eta kopuru horretatik gora, 0,12 euro.
“Lurraldebuseko txartela erabiltzen dutenei herriarteko eta hiribuseko bidaiak gehituko zaizkie, beraz, beherapen handien onuradun izan daitezke,” azaldu zuen alkateak.
Honetaz gain, Antxisu eta Zabaletako auzotarrek herriarteko autobusa eta hiribusa, biak erabili ditzakete bilete bakarra ordainduz. “Beti ere, Lurraldebuseko txartelarekin ordaintzen badute eta aldaketa hori, 30 minututan egiten bada,” aipatu zuen Zaballosek.
Geltokiak eta ordutegia

Zerbitzu hobeagoa ematearren, ibilbideak 26 geltoki ditu, ikus ondoko grafikoa.
Horietako 11 herriarteko autobuseko geralekuak dira eta beste 15ak kartel batekin identifikatuko dira.
Mikrobusak Antxisu Bailaran hasiko du ibilbidea 7:45ean eta azkena, 20:15ean izango da. Ordutegi zabalagoa, beheko koadroetan ikus daiteke.
Beraz, ordu erdiro igaroko da autobusa geltokietatik, geldialdi teknikoetako orduetan izan ezik, eguerdian 11:45 eta 12:15en artean eta arratsaldean 15:45etik 16:15era.
“Ordutegi hori minutura neurtua dago, beraz, herritarrei sentsibilizatzea eskatunahi diegu eta kotxeak ongi aparkatzea,” adierazi zuen Santiago Sarasola TSSTko gerenteak.
Era berean, alkateak jakin arazi zuenez, “Kultur etxe eta Pablo Mutiozabal aldean dauden trafiko arazoak direla eta, bertan aurreikusiak zeuden geltokiak murriztu behar izan ditugu, autobusen frekuentzia mantentzeko.”
Emaitzak

Proba amaitzean, erabileraren datuak aztertuko direla adierazi zuen Zaballos alkateak, “auzo elkarteekin bildu eta zerbitzua mantentzea komenigarria den erabakiko da.”