Gaur goizean, hiribusa jarri da martxan. Ostiralean, Jesus Zaballos alkateak, Martin Moreno Zerbitzu Publikoetako batzordeburuak eta Santiago Sarasola, TSSTko gerenteak zerbitzu berri honen nondik norakoak azaldu zizkiguten prentsa eta udaletxera hurbildu ziren auzo elkarteko ordezkariei.
Lasarte-Oriako auzo elkarteen etengabeko eskaerari erantzunez eta herritarren mugikortasuna eta garraio publikoaren eskaintza hobetu nahian hiribusa ezarri da gure herrian.
Hala ere, “krisia dela eta, Udalak eta auzo elkarteek zerbitzua proban jartzea erabaki genuen,” azaldu zuen Zaballos alkateak.
Era honetara, TSSTko mikrobusa lau hilabetez ibiliko da gure kaleetatik barrena. “Udalak eta auzo elkarteek hiru hilabete adostu genituen, baina TSSTk konpainiak epe hori handitu du beste hilabetez. Eta bere gain hartuko du gastu hori,” azpimarratu zuen alkateak.