Aukerako produktu eta prezioak izan dira asteburu honetan Lasarte-Oriako Stock eta Saldoen III. Factory ferian. Michelingo frontoian herriko eta kanpoko hainbat dendek saldu gabe zituzten hainbat produktu jarri zituzten salgai prezio ezin-hobeetan eta poltsikoak husteko garai onenak ez badira ere herritar askok baliatu zuten aukera erosketak modu onean egiteko.
Iaz bezala bi egunetan izan da egun osoz zabalik Aterpea Elkarteak Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin antolatutako azoka, 10:00etatik 20:00etara bitartean, eta igandean larunbatean baino herritar gehiago inguratu zen zein aukera zen ikusteko, eguraldiak ere gehiago lagundu zuen eta.
Saltzaileen artean batetik ez zeuden erabat gustura nahi baino jende gutxiago ibili delako larunbat eta igandean Stock azokan, baina bestetik egokia ikusten zuten honelako ekimena sobran dituzten produktuei irtenbidea emateko.
Hogei postu inguru jarri ziren, gehienak arropa eta oinetakoak saltzeko, baina baziren aulki, bitxi, liburu edota oporretako bidaiak salgai jarri zituztenak ere. Gainera, haurrentzako gaztelu puzgarria ere jarri zuten antolatzaileek haurrak jolasten ari ziren bitartean gurasoek postuak lasaitasunez ikusi zitzaten.
Feriara sartzeko txartelak euro bat besterik ez zuen balio, eta gainera sarrerekin zozketa egin zuten igande iluntzean, azoka itxi eta gero.