Akordeoi jaialdirako guztia prest

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 27a

Zero Sette Akordeoi Orkestrak, Udalaren laguntzarekin antolatzen duen akordeoi jaialdiaren VII. edizioa da aurtengoa. Larunbatean, urriaren 2an akordeoi soinuz beteko da Lasarte-Oria. Aurtengo edizioan Duo Paris-Mocou, Accordion In Modern talde kataluniarra eta Zero Sette akordeoi orkestrak hartuko dute parte Manuel Lekuona Kultur Etxean ospatuko den ekitaldian.
Arratsaldeko 19:30ean emango zaio hasiera jaialdiari. Lehendabizi Accordion In Modern kataluniar taldearen txanda izango da eta Suite Moderna, Jig (Suite Irlandesa), Libertango eta Russiche Fantasie piezak joko dituzte. Ondoren, Paris Moscou bikotearen txanda etorriko da eta Hommage à paco, Boutade, L’hiver, Figaro, Coucou piezak eskainiko dituzte. Azkenik Zero Settek Escualo, Duke Ellington in accordion eta Iñigo Peñaren Dharma abesti berria estreinatuko du.
Errealitatearen doktrina

“Sufrimenduaz libratzea jakintza perfektura iritsiz naturaren ezagutzaren bitartez, horrela jaiotza eta heriotzen zikloetatik libratuz” , hau da Dharma hitzarentzat budisten definizioa.
Iñigo Peña, obraren egileak abesti honen bitartez pertsona guztiak gure barrualdean, nahiz eta arazo eta sufrimenduak izan, dugun bizipoza islatu nahi izan du. Horretarako, sanskrito termino hau aukeratuz. Hitzak sonoritate propioa izateaz gain, esanahi espirituala du.
Abestiaren erdigunean dagoen zatiari esker, ondo ezberdintzen dira dauden hiru zatiak. Dharma obra erritmikoa da, etniko eta antzinako kutsuarekin. Armonia modala eta perkusioaren tratamendua nabarmenduz.
Accordion in modern

Kataluniatik etorritako taldea joko du larunbatean Lasarte-Oriako kultur etxean. Accordion in moder 1997an sortutako taldea dugu. Hasiera batean, akordeoi laukote bezala jaio zen, eta errepertorio klasikoa zuen. Taldeko kide batzuk aldatzen joan ziren heinean, musika estiloa eta taldearen izena aldatzen joan zen. Jazz eta musika modernoa jotzen hasi, bateria eta baxua taldean barneratu eta egungo izaera osatzen joan zen.
Taldea Bartzelonako Musika Kontserbatorio Gorenean titulatutako hiru akordeoi irakasleen bitartez sendou zen.
Talde honek bere estiloaren bitartez akordeoiaren alderdi ezezagunenak ezagutzera eman nahi ditu, bitxikeri bat gehituz, bateria eta kontrabaxuaren erabilpena. Fusio honen bitartez musika erakargarria, indartsua eta publiko zabala erakartzen duena egin dute. Errepertorio zabala eskainiko dute. Hala nola, Miller, Gershwin edo Piazzollaren “nuevo tango” estilo klasikoa, eta jazz, folklore errusiar eta irlandera eta musika modernoa. Guztiak nahastuz.
Duo Paris Moscou

Musikak askotan aparteko topaketak burutzen ditu, pertsonalitateen arteko alkimia, konplizitatea eta pasio bateratu baten osagarritasuna akordeoian. Duo Paris Moscou bikotearen sorrerarekin honen ilustrazio perfektua eman zen.
1997an, musikan adituak izanik, Domi eta Romanek bidai musikal bat proposatzen hasi ziren, garai eta estilo ezberdinekin, Paris eta Mosku.
Bi unibertso, bi kultura, jolasteko bi modu... Musikaren bi diseinu; bata barietate frantsesera bideratuta eta bestea errusiar musika tradizional klasikora.
Romanen umorearekin, eta Domiren garrarekin, proposatzen dizkiguten bidaiak beti zoriontasun eta alaitasun momentuetan bihurtzen dira.