Ezaguna da oso Koruko Goikoetxea Lasarte-Orian. Jaiotzez donostiarra, bizilekua ere bertan du, baina bihotza erdibitua: donostiarra eta lasarteoriatarra. Urte ugari egin ditu gure herrian maistra moduan. Herriko ume asko hezi dira berarekin. Gurasoen artean aski ezaguna da beraz. 24 urtez herrian irakasle, eta 15 zuzendari karguetan. Berekin bildu gara, urte guzti horiei buruz aritzeko.
Nola izan ziren zure hastapenak irakaskuntzan?
Nire bizitza profesionala Usurbilen hasi zen. Gero Irunera joan nintzen, Urnietara eta azkenean Lasarte-Oriara. Duela 24 urte lurreratu nintzen herri honetan.
24 urte eta horietatik 15 zuzendari bezala...
Lehendabizi Andatza Plazan zegoen Ikastolan hasi nintzen haur hezkuntzan. Hor ginela zuzendaritzan parte hartzeko talde bat osatu genuen. Ondoren, lehen hezkuntzara pasa eta Sasoetako zuzendari bihurtu nintzen.
Elkartu gabe zeuden oraindik Zumaburu eta Sasoeta...
Hori da. Mapa eskolarra egin arte ez ginen bi zentroak elkartu. Beraz, Sasoetako zuzendaria erretiratu zenean, ni jarri nintzen buru. Jakina da inork ez duela kargu hori nahi. Ilusioz sartu ginen zuzendaritzan euskara bultzatzeko, eta gero mapa eskolarra etorri zenean bi ikastetxeen fusioa egin behar izan genuen. Egoera fuertea izan zen.
Bi ikastetxe ginen, ezaugarri antzekoekin, baina ezberdinak. Baina zorionez, oso ondo moldatu ginen guztiak. Eta ordutik ni izan naiz zentroaren zuzendari, 15 urtez egon naiz kargua betetzen.
Nola gogoratzen dituzu lehenengo urte horiek?
Urte oso gogorrak izan ziren. Gogorra alde batetik, haur hezkuntzako ume kopuruak oraindik oso handiak zirelako. Baina oso garai onak bestetik, aurrerago zuzendaritza taldea osatuko zuten nire lankideak jada hemen zeudelako. Gainera, umeak B ereduan sartzen zituzten gurasoek, oso jarrera ona zuten. Horrek asko lagundu zuen. Talde handiak izan arren, jarrerak oso onak ziren.
Orain kalean ikusten ditudanean ilusio handia egiten dit. Nahiz asko ez ditudan orain ezagutzen.
Urte hauetan nola aldatu da euskarekiko jarrera?
B eredua gailentzen hasi zen A ereduarekiko. Eta egun, D eredua da matrikulazioetan garaile. Eskolak lan asko egin behar izan zuen euskaren presentzia nabarmentzeko. Eta egun emaitzak argiak dira. Hala ere, ez nahiko genituzkeen guztiak. Talde lan handia burutu genuen.
Kontuan izan behar da gure ikastetxean hasi ginenean bazeudela irakasleak euskaraz ez zekitenak, baina bere aldetik asko jarri, eta duela urte dezente klaustro guztia euskaldun bihurtu zen.
Nola aldatu da irakasleekiko jarrera? Nabaritu zenuten?
Lehen irakasleak arrazoi osoa zeukan eta honek esaten zuena, egin egiten zen. Orain dela urte batzuk egoera horri buelta eman zitzaion, eta arrazoi guztia ikasleen esku geratu zen. Okerrena, horren eragileak etxean gurasoengandik entzuten zutenagatik eman zela. Baina argi, ume zehatz batzuen kasua izan dela.
Gure ikastetxean zorionez ez da irakasleekiko erasorik eman. Egon diren arazoak, ume konkretuekin eman dira. Bizitzea tokatu zaien egoeragatik, eta hauekin lan asko egin behar izan dugu, berreziz, eta euren etxekoen laguntzarik gabe.
Baina orokorrean Sasoeta-Zumaburuko umeak finak dira eta izan dira beti.
Beraz, urte guzti hauetan egindako lanen fruituak ikusten hasi dira.
Zuzendaritza taldeak lan izugarria egin du gure proiektua aurrera ateratzeko, eta ondo ateratzeko. Eta batez ere, umeak gure ikastetxetik ondo heziak ateratzeko.
Nolakoa izan da zure bizitza profesionala?
Askotan esan badut ere, oso gustura nengoen lanean. Oso momentu gogorrak pasa ditugu, batez ere zuzendaritza lanean, baina oso gustura egon naiz. Atzera begira, bizipen pertsonal ugari eramaten ditut, lankideak izateaz gain lagunak izan gara.
Gurasoekin izandako harremanak ere oso onak izan dira. Oso esperientzia positiboa bizi izan dut. Oraindik faltan botatzen dut lana, denbora gutxi pasa baita erretiratu naizenetik.
Kontent nago burututako lanarekin. Poza hartzen dut egun eskolara hurbiltzen den norbaiti umeak euskaraz zuzentzen ikustea.
Anekdotarik?
Anekdota ugari. Positiboak gehienak, baina gertaera gogor batek markatu ninduen gehien. Gure irakaslea zena, orain dela 15 urte bikiak erditzerakoan hil zenean.
Oroitzapen gogorra eta ahaztezina.
Jende gutxik daki baina bere omenez sagarrondo bat dago Sasoeta-Zumaburun landatuta.
Nola dago egun Eskola Kontseilua?
Pasa den urtean egin genuen lehenengo bilera. Lehenengo bidea eratuz. Ikastetxeak eta guraso elkarteak eskatutako zerbait izan zen. Ez dakit noraino iritsiko diren, biderantzak ezarriak daude. Baina askotan horrelako organoak ez dira aurrera ateratzen. Hala ere, guraso, irakasle, udaletxea elkarrekin lanean ari dira gogor.
Lankide, guraso eta umeek omenaldia egin zizuten...
Oso hunkigarria izan zen momentua. Agurrak oso gogorrak iruditzen zaizkit, baina gurasoak oso ekitaldi polita antolatu zidaten eta irakasleak bertso polit bat kantatu. Gainera, orain dela gutxi nire bizitza laborala laburtzen duen argazki albuma oparitu didate.
Oso polita da, eta argazkiak begiratzen ditudanean konturatzen naiz gauza asko eta jende ugari pasa dela eskolatik.
Donostiarra izanik, Lasarte-Oria gutxi bisitatuko duzu.
Oraindik etortzen naiz. Eskolara gehienbat, irakasleekin lagun harremana dut, eta hori ez dut galdu nahi.