"Lasarte-Orian egiten diren kontzertuen kopurua jaitsi eta kalean gero eta ekimen gutxiago egiten direlako, ekimenak leku itxietan egiten direlako eta giza-dinamizazio gutxi dagoelako sortu dugu elkartea", azaldu digute. Egoera kaxkar hori aldatu nahi dute: "Gure asmoa kale ekintzak antolatzea, kontzertuak edo beste moduko dinamika kulturalak, erakusketak, etab. egitea da. Kalean bizitza egotea eta honetan, berriro ere, bizitzea," aitortu dute.
Guztiei irekia
Elkarte sortu berria denez, ez dute biltzeko lekurik, "tabernatan edo etxeetan biltzen gara orain," azaldu digute eta Udalari lokala uzteko eskaria egiten diote.
Hala ere, "hemendik aurrera, hilero bilerak egiteko asmoa dugu eta jendeari irekiak izango dira" aipatu dute.
"Edonork parte hartu dezake. Bakoitzak bere ideiak eman ditzake. Horiek aztertu eta ideia interesgarriren bat badago aurrera atera daiteke. Beti ere, kalean egin daitekeen ekimena bada," atxiki dute.
Elkarterekin harremanetan jarri nahiez gero, esnahadielkartea@hotmail.com edo Sasoetako Udaberri tabernan galdetu dezakete interesatuek.
I. Baita Rock jaialdia
Eta gauzak honela, hurrengo larunbatean, urriaren 2an, I. Baita Rock jaialdia antolatu dute, Andatza plazan
Jaialdi hau "herriko jendea biltzeko era bat da eta, era berean, elkartearen aurkezpena" izango da taldeko kideek azpimarratu dutenez.
Eguerdian, poteoa egingo dute: Manuel Lekuona kultur etxetik atera eta tabernaz taberna Andatza plazaraino egingo dute bidea.
Baina berezia izango da poteoa hau. "Txaranga bat izango dugu eta punk eta rock bertsioak egiten ditu. Kontzertuaren antzerakoa izango da, baina kalejiran," azaldu digute.
Ostean, 15:00ak aldera babarrun-jana izango da Andatza plazan.
Txartelek 10 euro balio dute eta Udaberri, Ilargi, Jalgi, Obelix eta Sustrai tabernatan daude salgai.
Antolatzaileek eskaera bat egiten diete babarrun-janera joan nahi dutenei, "sarrera lehen bait lehen erosteko. Era honetara, azkarrago antolatu ahalko ditugu janari prestaketa, etab."
Arratsaldean, 18:00etatik aurrera kontzertuak egongo dira.
Herriko taldeak
Sutura, El Trono de Judas, Aurka, U.K. Bill, R eta Despervicio dira karteletan agertzen diren taldeak.
Tamalez, berri txarra eman digute antolatzaileek, Desperviciok ezin du jo, bateria joleak istripua izan duelako. Hala ere, beste talde baten bila gabiltza, larunbatean, jendeak sei talde entzun ahal izateko."
"Pena handi ematen digu herriko talde batek ezin parte hartu izanak. Herriko taldeak egotea nahi genuen eta haiek protagonistak izatea, izan ere herriarentzat egiten dugun jaialdia da," gaineratu dute.
Laguntza
Jaialdiren antolakuntza guztia elkartearen esku joan da eta herritarren laguntza beharrezkoa dute.
Laguntza emateko hainbat bide daude: batetik babarrun-janeko sarrera erostea da laguntzeko modu bat. Bestetik, antolakuntzan laguntzea, "egun horretako ekintza desberdinetan jendea behar dugu," aipatu digute eta gonbita egin dute, "lagundu nahi dutenek, larunbatean, goizean, 9:00ak aldera Andatzara hurbiltzea besterik ez dute edo emailera mezu bat bidali eta listo."
"Beste era bat, jaialdian jarriko den txosnan edaria erostea," adierazi digute.
Boletoetan akatsa
Eta honetaz gain, zozketa baterako boletoak atera dituzte, "sariak mariskada eta nekazal turismo batean egonaldia dira."
Boleto hauek Sustrai, Udaberri eta Obelixen daude salgai euro batean.
Honen harira, boletoetan akats bat dagoela jakin arazi nahi dute elkarteko kideek. Izan ere, urriaren 2ko ONCEko zozketako azken hiru zenbakiek erabakiko dute saritua eta ez azken lauek, boletoetan dioen bezala.
Azkenik, Esna Hadi elkarteak eskerrak eman nahi dizkie taldeei, Udalari, tabernei eta laguntzera hurbildu diren lagunei.