29 Kubako "Guajirak" kultur etxean

jon-altuna 2010eko irailaren 29a

Kuban elikadura subiranotasuna lortzeko ematen ari diren pausuei buruz bertako nekazari eta abeltzainen ordezkari den Dilcia Garciak asteazkenean kultur etxean hitzaldia eman aurretik, Lasarte Oriako Komite Internazionalistak goizean goiz poliziak Askapenako zazpi kide atxilotu zituela salatu eta “herrien arteko elkartasunaren aurkako erasoa” dela nabarmendu zuen. Gainera, atxilotuak jasoko duten tratuari buruz bere kezka adierazi zuten bertan irakurritako oharraren bidez. Ondoren, "Amorosa Guajira,... pero diferente" dokumentala ikusi eta Garciak Kubako nekazarien egoera azaldu zuen.

Nekazaritzan ari diren emakumeei buruzko dokumentala eskaini zen asteazken iluntzean Kultur Etxean, Mundu bat eta Lasarte-Oriako Komite Internazionalistek antolatutako hitzaldian.
1959ko iraultzako irudiekin hasten den filmean, hamaika emakume nekazari edo guajira kubatarren testimonioak biltzen dira; euren ikuspegiaren bidez, Kubako nekazaritzaren hainbat ertz azaldu eta ematen ari diren aldaketak jaso dira.
Emakumeak gizartean jokatzen duten paper berria, nekazaritzak kubatarren elikaduran hartu duen garrantzia, emakume batzuek jasandako tratu txarra, zikloi eta urakanek nekazariei eragindako kalte izugarriak (2008ko abuztuan 200.000 lagun geratu ziren etxerik gabe) edota nekazaritzan azken urteotan burutu dituzten aldaketak jaso dira besteak beste dokumentalean.