29 Normaltasuna nagusi greba orokorrean

Txintxarri Aldizkaria 2010eko irailaren 29a

Asteazken normal bat igaro genuen irailaren 29an herrian. Ohiko irudiak izan zituen Lasarte-Oriak greba orokorraren egunean. Komertzio, banketxe eta taberna gehienak irekiak mantendu ziren egun osoan zehar. Azoka normaltasun osoz eta jendez gainezka ikusi genuen eguraldi paregabeari esker. Piketeen arrastorik ere ez zen sumatu.
Estatu espainiarrean deitutako greba orokorrak itzal laburra izan zuen Euskal Herrian. Gure autonomia erkidegoan eragin gutxi izan zuen, eta herrialdeei begiratuta, Gipuzkoan txikiena.
Eguerdian Donostian grebaren alde zeuden sindikatuek deitutako manifestaldian 2.000 pertsonek parte hartu zuten sindikatu hauek emandako datuen arabera.
Sindikatuen zatiketa
CC.OO, UGT, CNT eta ESK sindikatuek deitu zuten irailaren 29ko grebara. Gogoratu behar da joan den ekainaren 29rako Hego Euskal Herri mailako greba orokor deialdia egin zuela Euskal Herriko gehiengo sindikalak; ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk, langileen eskubideak defenditzeko eta lan erreforma salatzeko asmoz. Haien artetik gaurko deialdia ESK-k baino ez du babestu.
Jarraipen gutxiko greba
Lasarte-Orian gutxi batzuk izan ziren grebarekin bat egin zutenak. Hauetako batzuk Michelin enpresako langileak. Hala ere, herrian ez zen gehiegi nabaritu. Grebarekin bat egindakoak, 12:00etan Donostiara deituta zeuden.
Autobusak normaltasun osoz ikusi genituen herrian zehar. Euskotrenekin aldiz, ez zen berdina gertatu. Pertsona ugari geltokira hurbildu eta sartu bezala atera egiten ziren. Goizeko, 09:59ko topoa ez zen atera, eta 10:30etatik aurrera 13:29ak arte ez zen gure herritik toporik atera ezta ailegatu ere.
Sindikatuen arabera industrian eta garraiobideetan eman zen nabarien lan-geldialdia. Eta Lasarte-Oria horren isla izan zen.
Balorazio garaia
Datuak ikusita, sindikatuek onartu behar izan dute Gipuzkoan greba orokorrak “jarraipen apala” izan duela.