Kubako "Guajirak" kultur etxean

jon-altuna 2010eko irailaren 30a

Kuban elikadura subiranotasuna lortzeko ematen ari diren pausuei buruz bertako nekazari eta abeltzainen ordezkari den Dilcia Garciak asteazkenean kultur etxean hitzaldia eman aurretik, Lasarte Oriako Komite Internazionalistak goizean goiz poliziak Askapenako zazpi kide atxilotu zituela salatu eta “herrien arteko elkartasunaren aurkako erasoa” dela nabarmendu zuen. Gainera, atxilotuak jasoko duten tratuari buruz bere kezka adierazi zuten bertan irakurritako oharraren bidez. Ondoren, "Amorosa Guajira,... pero diferente" dokumentala ikusi eta Garciak Kubako nekazarien egoera azaldu zuen.

Nekazaritzan ari diren emakumeei buruzko dokumentala eskaini zen asteazken iluntzean Kultur Etxean, Mundu bat eta Lasarte-Oriako Komite Internazionalistek antolatutako hitzaldian.
1959ko iraultzako irudiekin hasten den filmean, hamaika emakume nekazari edo guajira kubatarren testimonioak biltzen dira; euren ikuspegiaren bidez, Kubako nekazaritzaren hainbat ertz azaldu eta ematen ari diren aldaketak jaso dira.
Emakumeak gizartean jokatzen duten paper berria, nekazaritzak kubatarren elikaduran hartu duen garrantzia, emakume batzuek jasandako tratu txarra, zikloi eta urakanek nekazariei eragindako kalte izugarriak (2008ko abuztuan 200.000 lagun geratu ziren etxerik gabe) edota nekazaritzan azken urteotan burutu dituzten aldaketak jaso dira besteak beste dokumentalean.
Iraultzaren ondoren, legez gizonezko eta emakumezkoak denetarako berdinak badira ere, praktikan oraindik berdintasunera iristeko dauden oztopoak ageri dira bideoan. Ondoren horixe aitortu zuen Dilcia Garciak ere, datu batzuk aipatuz: nekazaritza arloko teknikarien artean %35 dira emakumezkoak eta %18 daude zuzendaritzako karguetan. Beraz aldaketak eman dira baina oraindik asko dute hobetzeko.
Elikadura oinarri

Dilcia Garciak azalpen zabalagoak eman zituen ondoren. 90. hamarkadan aldaketa handia eman zen nekazaritzan kubatarren elikadurari begira jarri zelako. 1993-95 artean hirietako nekazaritza ere ugaldu egin zen hor ere elikagaiak lortzeko helburuarekin. Askoz ere produktu gehiago landatzen hasi ziren, produkzioa ugaritu egin zen, zabaldu eta dibertsifikatu, bertakoei elikagaien aldetik subiranotasun edo segurtasuna emateko. Aldaketa horietan emakumeen partaidetza handia izan zen eta hori erakutsi nahi izan dute dokumentalaren egileek eta Dilcia Garcia berak.
Ondorengo eztabaidan, ikusleen galderei erantzunez, beste gai batzuk aztertu ziren, esaterako, etxeko lanen banaketan oraindik Kuban beste leku askotan bezala berdintasuna lortzeko zailtasunak dituztela. Dilciaren ustez, gizonezkoak konturatzen ari dira eta aitortzen dute pausuak eman behar direla. "Arauak berdintasuna bultzatzen dute 1959ko iraultzatik, baina badira oztopoak oraindik. Dena den, jarreraz aldatzen ari dira gizonezkoak. Batzuek ausart eta zintzo aitortzen dute hori".
Nekazaritza ekologikoa ere jorratu zen hitzaldian. Dilcia Garciak azaldu zuenez halabeharrez da Kuban ekologikoa nekazaritza berri hau intsektizida edo ongarri kimikoak garestiagoak direlako.