Itsu. Mutu. Gor

taxio-arrizabalaga 2010eko urriaren 1a

Kuriositate handiz behatzen dut azken aste hauetan nire ingurua. Euskal Herrian bizitzen ari garen egoera berriaz mintzo naiz, batik bat. Eta sektore ezberdinetatik honi emandako erantzunak aztertuaz, aspaldi ikusiriko filme baten argumentua etorri zait burura: Ana Sullivan-en miraria, Arthur Penn-ek zuzendua (1962).
Bertan, jaiotzetik itsua, mutua eta gorra den neskatila baten istorioa kontatzen da (Hellen Keller), bere inguruko errealitatearekin, pertsonekin eta gertakariekin inolako kontakturik ez duena; funtsean, munduan isolaturik bizi da Hellen, Ana Sullivan heltzen den arte.
Gaur egun, entzun, ikusi eta ulertu ezin duen ugari ere badugu gure artean. Hala, hobeki esanda, eta hau litzateke Hellen Keller-ekiko ezberdintasun nagusiena: entzun, ikusi eta ulertu nahi ez duen ugari. Komen aitzakiak behin eta berriro errepikatuta haien lekuan oso eroso daudenak; hauteskunde bezperatan, aldaketa baten aldeko interesik ez dutenak; proposamen berri ororen aurrean itsu-mutu-gortzen direnak, eta hauetxek zigortzen dituztenak.
Zentzumenak inoiz baino biziago martxan jartzeko prest dagoenik ere bada, ordea. Errealitatea hauteman bakarrik ez, lupaz zorrozki aztertzen eta alternatibei erantzun bat ematen saiatzen ari denik. Begien bidez entzuten, ahoaz ikusten eta belarriez dastatzen ikasten ari denik.
Eta guztiok jakin badakigu, Sullivanek zekien moduan, nahiz eta esforzu handiz, azkenik, itsu-mutu-gorrek ere haien isolamendutik gizarterat irteteko aukera badutela.