Aurreko zenbaki batean aurreratu genuen bezala, araudi eta antolakuntzan berrikuntzak daude, baina hori ez da txapelketan dagoen berri bakarra.
Izan ere, ohiko taldez gain, sei talde berrik eman dute izena aurtengo denboraldirako, Semblante Andaluz, Kalaberri Z, Indaux, Katakras, Ayete eta Illun.
Eta iazko talde batzuk desagertu dira, hala nola, Tragoxka Puba, Biyona edo Goiz-Argi.
Gauzak honela, antolatzaileen aurreikuspenak bete dira eta martxoaren 13ra arte iraungo duen lehengo fase honetan, hogei talde dira lehian.
Txapelketa sistema
Sistemari dagokionez, talde guztien arteko liga jokatuko dute itzuli batera eta sailkapeneko lehenengo zortziek lortuko dute bigarren fasera, play offetara iristea.
Beste guztiak, ligaxka eta kontsolazioko lehiaketa jokatuko dute.
Federatuek berdinketa
Aldaz H.K. eta ISU Leihoak areto futbol federatuko taldeek berdinketarekin hasi zuten denboraldia.
ISU Leihoak taldeko mutilek Donibane-Pari Berriren aurka hirunako berdinketa lortu zuten.
Lasarteoriatarrak nagusi izan ziren lehenengo zatian eta hiru goletako errenta lortu zuten.
Hala ere, bigarrenean ezin izan zuten emaitza mantendu eta Donibaneko taldeak hiru gol eginaz, puntua utzi zuen etxean.
Nazional B mailako herriko taldeak, Aldazek ere emaitza bera lortu zuen Portugaleten Jarrilleros taldearen aurka.
Oscar Garciaren mutilek jokoa kontrolatu zuten partida osoan zehar eta era errazean jokatu zuten. Defentsan ere lan ona egin zuen Aldazek nahiz eta emaitza hau guztiaren isla ez izan.