Estilo desberdinetako akordeoi jaialdia bihar

Txintxarri Aldizkaria 2010eko urriaren 1a

Ikusleen gustuko jaialdia izango dela larunbatekoa esan zuen Jone Altunak, Kultura batzordeko burua asteazkenean, Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan burutu zen VII. akordeoi jaialdiaren aurkezpenean.
Bertan Zero Sette akordeoi Orkestrako zuzendariak, Elias Goikouriak eta zuzendari laguntzaileak, Maite Janeirok Lasarte- Oriako Udaleko Kultura batzordeko burua den Jone Altunarekin eta kulturetxeko gerentearekin, Xabier Goitiarekin batera bihar, larunbata arratsaldeko 19:30ean Manuel Lekuona kultur etxean ospatuko den jaialdiaren berri eman zuten.
Elias Goikouriak orkestrako zuzendariak 7. edizio hau ikusleentzat atsegina izatea espero dutela adierazi zuen, “akordeoi talde osoak lan handia egin baitu guztia antolatzeko eta maitasun handiz, gainera.”
Taldeak

Kultura batzordeko buruak, Jonek jaialdian parte hartzen duten taldeei buruz mintzo zen. Duo Paris-Moscouren curriculum-a eta akordeoiarengatik duten grina azpimarratu zituen.
Era berean, Accordion in Modern taldearen jazz estilorako garapena aipatu zuen eta haien errepertorioa gustu desberdinetako ikusleen gogoko dela jakin arazi zuen.
Eta herriko taldearentzat, laudorio hitzak besterik ez zituen izan, “Nazioarte mailan oso ezaguna den taldea dugu eta herriari ospea ematen diona. Harro sentiarazten gaituen taldea da,” adierazi zuen.
Abestien berezitasunak

Elias Goikouriak, ostean, zuzentzen duen orkestrak eskainiko dituen hiru obren berezitasunak azaldu zituen.
“Escualo, Piazzollaren tango ezagunean, moldaketa bat egin dugu eta solista bat eta marinba entzuteko aukera egongo da abesti honetan,” aipatu zuen.
Duke Ellington in accordion lanean, “egile amerikarren bi abesti joko ditugu eta jazz kutsua emango diogu gure emanaldiari” azaldu zuen.
Azkenik, Iñigo Peña egile lasarteoriatarraren Dharma lana joko du orkestrak.
Dharma hitza sasnskritotik datorrela eta bizitzaren alaitasuna adierazi nahi duela azaldu zuen orkestrako zuzendariak.
Perkusioa

Era berean, obra erritmikoa dela azpimarratu zuen, “perkusio asko erabiltzen du egileak. Eta kutsu etniko eta espirituala nabarmena da abestiaren momentu batzuetan.”
Abesti honetan, sorpresa bat dagoela ere aipatu zuen, “Donostiako Easo Araoz Gazte abesbatzako hiru neskek parte hartzen dute abestian. Haien doinuak ez du hitzik eta, era honetara, haien ahotsa beste instrumentu bat da.”
Jarraipena eman

Honetaz guztiaz gain, Elias Goikouriak Zero Sette orkestrak hurrengo urtean VIII. jaialdia ospatzeko lan egingo duela aipatu zuen.
Honen harira, Jonek “herriarentzat jaialdi garrantzitsua da hau eta nazioarte mailan izena duena. Horregatik, Udalak mantendu behar den jaialdia dela uste du,” adierazi zuen Kulturako batzorde buruak.
Sarrerak

Jaialdi honetako sarrerak 3 euroko b tatik 20:00etara eskuratu ahalko dituzte interesatuek gaur eta bihar kontzertua hasi baino lehen.