Zikloturismoa txirrindu-proba klasikoetan

jon-altuna 2010eko urriaren 1a

Mikel Calvo, Joxe Manuel Zarautz eta Felix Gartziandia zikloturistak izanik, oporretara joaten direnean ere sarri daramate bizikleta aldean. Ezagutzen dituzte Tourreko edo Giroko portuak, Pirinio, Alpe eta Dolomitetan, eta baita txirrindularitza-proba klasiko ezagunenetariko batzuk. Mikel Calvo eta Joxe Manuel Zarautz-ek Paris Roubaix klasikoa egin dute aurtengo ekainean eta Felix Gartziandiak, aldiz, Flandesko itzulia apirilean. Nazioarteko Txirrindularitzan, proba klasiko ezagunenetarikoak eta aldi berean gogorrenetarikoak dira. Hiru lasarteoriatarrekin elkartu gara klasiko hauetako esperientzia kontatzeko.

Frantzia iparraldeko eta Belgikako lasterketa klasikoak beste inon egiten direnak baino gogorragoak dira, pave edo bideko harriarengatik. Eta horiek probatzera joan dira aurten Mikel Calvo, Zarautz eta Gartziandia. Txirrindulari profesionalek egiten duten ibilbide ia berbera egin dute, baina erritmo lasaiagoan, noski. Proba klasiko hauen gogortasuna argi erakusten du Jose Manuel Zarautzek Paris-Roubaix-en ikusitakoak: "Nire aurrean ikusi nuen bat bizikleta hartu eta harrika botatzen. Agian zerbait hautsi zitzaion hainbeste kilometro egin eta gero, edo ez dakit zer gertatu zitzaion, baina laguna ondora oihuka joan zitzaion arren, bota egin zuen bizikleta".
Felix Gartziandiak 35 urte daramatza bizikleta gainean, eta gustukoak ditu proba luze eta gogorrak. 10 urtez jarraian bukatu du Sabiñanigon burutzen den "Quebrantahuesos" proba ezagun bezain gogorra. Aurten "pavea" probatu du Flandesko itzulian. Mikel Calvo eta Joxe Manuel Zarautz 25 urte gazteagoak dira, normalean mendiko bizikletarekin ibiltzen dira, baina maite dituzte errepideko proba gogorrak ere. Duela hiruzpalau urte egin zuten Flandesko itzulia Belgikan eta aurten, Paris-Roubaix-en egon dira ekainean, frantziar hiriburutik Belgikako mugako herrira doan lasterketan.
255 kilometro, ibilbide ofiziala baino apurtxo bat motzagoa da kontatu digutenez, "profesionalak herri batetik ateratzen ziren, eta gu beste batetik", baina haientzat bezain gogorra da proba: "gogorra da batez ere bideko harriarengatik. Bestela ez dago mendirik, ez dauka aldapa handirik" kontatu digu Mikel Calvok. Zarautz ez dago ados: "Laua zela zirudien arren, handiak ez, baina badauzka aldapatxoak".
Sufrimendua

Hiruek esan digute probarik gogorrenak direla. Mikel Calvoren ustez, "pavean sartu orduko hasten da eskuetako mina, eta bizpahiru kilometroko tartea bada, guztia duzu minduta, ezin duzu ezta frenatu ere egin, eskuek eta besoek asko sufritzen dute. Quebrantahuesos bezalako probetan mendi portuak daude eta beste zailtasun batzuk dituzte, baina giharrentzat Paris-Roubaix eta Flandesko tourra bezalakoak dira gogorrenak, adokinarengatik".
Joxe Manuel Zarautz oraindik gogoratzen da hurrengo egunetako sufrimenduaz, "Bizpahiru egun behar dira errekuperatzeko. Ondorio gogorrenak orduan izan nituen. Dena den, nik hauek baino gutxiago. Niri berdin zitzaidan bazterrean putzua, zelaia, edo edozer, denak hartzen nituen. Besteek profesionalek bezala sufritu nahi zuten, berez sufritzen dena, eta dena erdi erditik egin zuten". Taldean egin zuten proba Zarautz eta Mikel herritarrek, Añorgako bi lagun eta Oriko beste birekin.
Zarautzek kontatu digunez, lau lagun "fuerte zebiltzanak" ziren eta beste bi ahulagoak, eta beraz, itxaron egiten zieten. Harriak saihesten saiatu zen arren gogoan dauka zein gogorra zen: "Lau kilometro tarteak bazeuden, 15-20 minutu taka-taka, eta hori bukatzean... zerua zen".
Felix Gartziandiak ere ezusteko handia hartu zuen bideko harriekin. Duela hiru urte joan zen lehenengo aldiz Belgikara Flandesko itzulira, baina erori eta utzi egin behar izan zuen. Aurten, bigarren aldian, lortu du proba amaitzea:. "Errepidea laua denean erraz joaten da bizikleta, baina hor, harrian, kolpe horiekin, etengabe abiadura galtzen zoaz, eta beti indarra egin behar. Ni harrituta gelditu nintzen hasieran: 200-500 metroko tarteak, oso luzeak ez izan arren, uste nuen bizikleta aurrera joan beharrean atzera zihoala".
Harriekin eskuak nekatzen dira eta eman ere gehiago eman behar da. Zarautzen iritziz, "zenbat eta azkarrago pasa min gutxiago hartzen duzu, baina tentsioa ere handiagoa da, eman ere gehiago egiten da eta errekuperazioa ere handiagoa".
Profesionalek proba hauek sei bat ordutan egiten dituzte. Mikel eta Zarautzek 12 behar izan zituzten Paris-Roubaix egiteko. Felix Gartziandia bakarrik joan zen eta bizkorrago ibili zen Flandesko tourrean. "Profesionalek sei ordu eta erdian egiten dute. Nik hamar ordu eta 45 minutuan. Gozatu nuen baina gogorra izan zen. Bitxia da zeren bi aldiz galdu nintzen". Aurten atera du duela hiru urtetik azalean zuen arantza. "Erori egin nintzen, 40-50 lagun joan ginen lurrera. Handik gutxira kanbioa apurtu eta proba utzi nuen. Gogoarekin gelditu nintzen eta aurten berriro joan naiz apirilean" esan digu Gartziandiak.

Txirrindularitzako gailurra

Proba erakargarriak dira, Paris-Roubaix eta Flandesko itzulia, "Txirrindularitzako monumentuak" ezizenez ezagutzen diren bost klasikoetako bi. Besteak Milan-San Remo, Lieja-Bastogne-Lieja eta Lombardiako Giroa dira. Paris-Roubaix-i Klasiketan Klasika deitzen diote edota, bere gogortasunarengatik, Iparraldeko Infernua edota Azken Erokeria izenez oso ezaguna da. Jende askok parte hartzen du proba hauetan, Felixen ustez, "zenbat eta gogorragoa jarri, orduan eta gehiago dira". "Paris-Roubaix-en bi mila lagun inguru ginen eta Flandesko itzulian gehiago. Zaila da jakiteko, ez dago txip-ik, irteeran sellatu egiten dute banan banan" zehaztu digu Mikel Calvok.
Mikel Calvo eta Zarautz tropelaren atzean ibili ziren honek azaldu digunez: “Goizeko 2:00tik aurrera ateratzen ziren autobusak Roubaix-etik irteerara eta 4:00tan han zeuden. 4:00 eta 8:00 bitartean abiatzen zara, baina 6:00 arte kontrol bat pasa behar da, argiak daramatzazula ikusteko, eta beraz gehienak 6:00tik aurrera ateratzen dira. Gu 8:00etan atera ginen: zigilatzen zutenak jada joan ziren mahaitik eta guk zigilatu behar izan genituen. Eta sei aldiz zulatu zitzaigun gurpila bakoitzari. Kili kolo ibili ginen, kontroletik kanpo geratzetik gertu. Iristen ginenerako mahaietakoak bazkaltzen ziren eta guk zigilatu behar izaten genuen".
Orio, Añorga eta Lasarte-Oriatik joan ziren sei lagunak ondo pasa zuten azkenengotarikoak izan eta euria egin bazien ere. Zarautz harrituta gelditu zen han nolako txirrindulariak dauden ikusita: "Hangoek beste txip bat dute, asko ibiltzen dira bizikletan. Hemengoak fin fin joaten gara, depilatuta, eta pentsatzen dugu: toki ederrera gatoz, lehenengo aldapan bakarrik geratuko gara, hau? hori? bizikletan ibiltzera al datoz? harrituta. Azken finean bizikletarekiko beste era bateko kultura dute, ikusi genituen aspaldiko arropekin mozorrotuta proba egiten ere".
Mikel Calvori ere asko gustatzen zaizkio proba klasiko hauek hainbesteko lehiakortasunik ez dagoelako. "Ez da denbora hartzen, ez dago txip-ik eta horregatik gustatzen zaizkit niri horrelako probak. Nahi duzunean atera zaitezke, 4:00-8:00 bitartean. Egongo dira batzuk lauetarako han daudenak, gero lehenak iristeko, baina ez hemen bezala. Beste txip bat daukate, zikloturistikoagoa da. Hemengo beste proba batzuetan, esaterako quebrantahuesos-en, lehiakortasun gehiago dago".

Quebrantahuesos

Quebrantahuesos, urtero egiten da Sabiñanigotik aterata, 200 kilometrotik gora ditu eta lau portu handi gainditu behar dira, Somport, Marie Blanque, Portalet eta Hoz. Aurten ekainaren 19an lau mila lagun inguruk hartu zuten parte.
Felix Gartziandiak jada hamargarren aldiz jarraian egin du proba, Mikelek sei aldiz bukatu du eta Zarautzek lau aldiz. Honek kontatu digunez, "aurreneko aldiz 1997an egin genuen eta 2.600 lagun inguru ateratzen ziren, orain baino gutxiago. Sekulako jipoia izan zen niretzat, baina orduan egin nuen daukadan denbora hoberena. Handik aurrera gozatzera joan naiz, ia entrenatu gabe... "
Mikeli ez zaio proba gehiegi gustatzen, baina urtero joaten da. "Masifikatu egin da, eta denak doaz denbora hobetzera. Ni ere bai. Azken urteotan horrela ibili naiz, entrenatu, denbora jaitsi behar,... Ez zait gustatzen. Ez da zikloturismoa, kirolarekin lotuago dago. Dendan nabari dut, bezeroek galdetzen didate zenbat denbora egin dudan,... Behobian bezala".
Felix aldiz gustura joaten da. Bere ustez, lehiakortasun hori norberaren araberakoa da. "Behobia antolatzen hasi zirenean lehendabiziko biak egin nituen eta Donostiara bakar bakarrik iristen zinen. Azkenengoan, Donostiara iristean ematen zuen irteeran nengoela. Gustura egiten dut Quebrantahuesos, txirrindulari giro polita dago. Bakoitzak jartzen du bere muga".
Dena den Felix-i ez zaio gustatzen azken urteotan zaleek hartu duten joera, "Zikloturismoan batak besteari laguntzen dio, bat gaizki badoa, babesa ematen diozu. Aldiz era honetan, dena da egurra, bakarrik banoa hobe,... Lau lagun atera eta lauen artean ere lehian dabiltza" esan digu. Zarautzek ere aitortzen du jendea "oso itsu" dabilela, eta ondorioz, istilu eta istripuak ere izan direla. Quebrantahuesos-ek beraz, zikloturisten martxa batena baino Tourreko etapa baten antza hartu du.

Hango eta hemengo portuak

Hiru lasarteoriatarrek ezagutzen dituzte, Tour eta Giroko portuak eta Stelvio aipatu ziguten. Felix "harrituta" gelditu zen Stelvio igotzerakoan, "furgonetari primera sartu behar. Gogorrak baina oso politak dira hango portuak". Zarautz abuztuan egon zen duela urte batzuek eta ondo gogoratzen du: "Grabatuta daukat Stelvio, 2.800 metrotan, abuztuan, batzuk eguerdiko 12:00tan eskiatzetik zetozen, glaziarra dago gainean. Alde batetik igo eta bestetik jaitsi ginen. Jende pila bat zegoen, bizikleta zaleak, elbarriak,... txirrindularien erromeria bat da, era guztietako bizikletak ikusten dira".
Felix Gartziandia urte osoan ibiltzen da bizikletan Lasarte-Oriako zikloturista taldearekin, egutegia egina dute igandero norabait joateko. Taldean 15 lagun inguru dira, lehen Batasunan ziren eta orain Ostadar KFn. Normalean sei bat lagun elkartu eta 80-100 km. inguru egiten dituzte: "irteeraren bat ere antolatzen dugu urtero. Aurten, Asturias aldera joango gara, eta Pirinioetara ere bai. Quebrantahuesos probaz gain, Larraukoa ere gustatzen zait. Eta nahikoa, erritmoa jaitsi behar dut eta. Kanpoko klasikoei dagokionez Flandeskoarekin nahikoa. Bihotzean arazo txiki bat ere badaukat eta. Zaindu behar dut. Bestela gustura segituko nuke" kontatu digu.

Hurrengoan Liejara

Jose Manuel Zarautz eta Mikel Calvok, aldiz, bizikletan ibiltzeko gogorik ez dute falta eta asmo ugari dituzte: Klasiko handietako bi jada egin dituzte, Roubaix eta Flandesko probak eta ez dute baztertzen besteak egitea. Zarautzek esan digunez, "Liejako proba agian hurrengo urtean egingo dugu, honek ere 260 bat km. ditu, baina apirila amaieran da, oporrak hartzeko garai txarra eta entrenatzeko denbora gutxi... Ordu aldaketa martxoa amaieran izaten da, gutxi gorabehera hor hasten zara bizikleta hartzen eta maiatza bertan dago".
Mikel-ek ere argi esan digu: "Lieja-Bastogne-Liejara joatea gustatuko litzaidake. Milan San Remora ere bai, eta, planak egiten hasita, Lonbardiako girora ere bai. Liejara bai, asko gustatzen zaidan lasterketa da eta. Telebistan askotan ikusi dut".
Bestalde, Zarautz, Mikel eta beste lagun batzuek badute erronka polit bat, Donostia-Donostia klasikoaren egunean, abuztuan, goizeko 8:00etan atera, profesionalak baino bi ordu lehenago, eta hauek baino lehenago iristea. Saiatu dira jada, baina ez dute lortu. "Ea urteren batean ez gaituzten harrapatzen" bota digu Zarautzek. Mikelek ere saiatzen jarraitzeko asmoa adierazi zigun: "Iaz Urnietan harrapatu gintuzten. Eta eskerrak, jada jota gindoazen eta. 240-260 kilometro dira. Agian margen txikia da bi ordukoa".
Zikloturista gehienak bezala, udaberrian hasten dira bizikleta hartzen eta urte osoan hainbat kilometro egiten dituzte. Felix eta Mikelek: 5.000-6.000 inguru. Zarautzek gutxiago.
"Urtean zehar Andazarrate 15 bat aldiz igotzen dut. Asko gustatzen zait. Errepidean ibiltzeko gero eta zailagoa eta arriskutsuagoa jartzen ari da. Tolosaraino tarte oso txarra daukagu" kontatu digu Felix Gartziandiak. Mikel eta Zarautz mendian ibiltzen dira gehiago. Honen ustez irteera txarra ditu Lasarte-Oriak: “Orioko bidea, Andoaingo bidea, eta Donostiara ez zara joango bueltatxo bat ematera. Gu mendiko bizikletarekin ibiltzen gara eta ondo dator gero horrelako astakeriak egiteko".
Gartziandia duela 35 bat urtetik hona dabil bizikletan. "Korrika egiten nuen, asko gozatzen nuen, baina belauneko arazoekin hasi nintzenean bizikletara pasa eta orain harrapatua nago. Asko gustatzen zaizkit, bizikleta eta mendia". Aspalditik ezagutzen ditu gazteak, igande batean Batasunako taldearen irteera batera mendiko bizikletekin joan zirenetik: Gu, errepideko bizikletekin eta zuek mendikoekin buelta osoa egin zenuten, gu txundituta".
Mikel Calvoren bizikleta dendara sarri joaten da. Honek ere ia bizitza osoa darama bizikleten inguruan, zaletasuna lanbide ere bihurtu baitu. 14 bat urterekin hasi zen: "Beti gustatu izan zait, mountain bikea erosi, mendian ibiltzen hasi eta gero errepidean ere bai". Joxe Manuel Zarautzek besteak beste, bi gauza egin ditu txikitatik, trikitixa jo eta bizikletan ibili. “Soinua jotzen 9 urterekin hasi nintzen, eta bizikletan, serio, Mikelek bezala Mountain Bikearen boomarekin. Etxean bat ekarri ziguten lau anaientzat, koadroa bi aldiz puskatu genuen, eta gerora nirea erosi nuen, duela 20 bat urte". Biak batera ibiltzen ziren sarri, "Leitzarandik Huitzira, handik Igaratzara igo, han lo egin eta buelta. Orduan hasi ginen kaña ematen".